Lizar Begoña izan zen iazko Igartza sariaren irabazlea (argazkia: Elkar)

[Bideoa] Lizar Begoña da aurtengo Igartza sariaren irabazlea

Itzalkinak eguzkitan proiektuarekin jaso du Begoñak 25. edizioko Igartza saria. Idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da Igartza eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero.

Lizar Begoña Madariaga (Sopela, 1996) dugu aurtengo Igartza Literatura Beka sariaren irabazlea. Oihane Amantegik, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak hala erabakita jaso du saria idazleak Itzalkinak eguzkitan izeneko proiektuarekin.

Begoñak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jasoko ditu, eta urtebeteko epea izango du liburua amaitzeko.

Sopeloztarra Arte Ederretan graduatua da  eta euskara-eskolak ematen ditu lanbidez. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Aro beilegia poesia-bilduma (Balea zuria), Donostia Kultura saria irabazitakoa, eta 2022an argitaratu du bigarrena, Gepardo japoniarrak (Susa), hau ere poesiazkoa.

Itzalkinak eguzkitan proiektuak Benidormera garamatza: gune turistikoetan kokatutako kiosko bat da gertalekua, eta bertan lan egiten duten emakumezko bi dira protagonistak. Gainbehera datorren negozioa, inguru kitsch bat, bi belaunalditako andrazkoen bizipenak… Gertakizunekin batera josiko dira emozio, oroitzapen eta hausnarketak.

Hogeita bost urte igaro dira Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko Igartza saria martxan jarri zutenetik. Erika Elizari, Irati Goikoetxea, Maddi Ane Txoperena eta Olatz Mitxelena izan dira azken lau urteetako irabazleak. Aurten hamabi proiektu aurkeztu dira deialdira.

(Bideoa: Elkar)

Zabaldu: