(argazkia: Totem aretoa)

Atarrabiako Totem aretoak kontzertuz beteriko denboraldi berria aurkeztu du

Izaro eta Parabellum bezalako bakarlari eta taldeak igoko dira Atarrabiako aretoko oholtzara udazken honetan.

Totem aretoak larunbat honetan, irailak 17, emango dio hasiera bere denboraldi berriari Luna Ki diziplina anitzeko artistarekin, inolako konplexurik gabeko show batekin moldeak eta aurreiritziak hautsiko dituela diote antolatzaileek. Hurrengo astean, Oftalmorock gaualdia izango dugu, horretarako sarrerak agortuta daude.

Urrian, hainbat artista igoko dira Atarrabiako oholtzara, hala nola Parabellum, Suu, Tierra Santa eta Izaro. Urriaren bigarren zatian, berriz, Evergrey eta Cradle Of Filth nazioarteko taldeen txanda izango da, eta Judas Priest, Iron Maiden, Motorhead eta Saxon tributo jaialdi batekin amaituko dute hilabetea.

Azaroa “bero-bero” hasiko dela iragarri dute Lagrimas de sangre eta Rebujitos taldeekin, “bi erreferente haien estiloetan” eta hurrengo asteburuan, Sonata Arcticarekin eta Sepultura brasildarrekin (Crowbar eta Sacred reich taldeek lagunduta). “Benetako luxua izanen da hiru banda horiek elkarrekin ikusi ahal izatea hilaren 11n”. Azaroa amaitzeko, Rude Pride madrildarren agur bira, U.D.O. taldea, Anvil kanadarrak eta Nile estatubatuarrak izango dira Totemen.

“Urte amaiera laztanduz iritsiko da Nafarrora Don Patricio, estilo urbanoaren erreferentea”.

Azkenik, 2023rako iragarrita daude Accept eta Cannibal Corpse taldeen kontzertuak, metaleko nazioarteko talde handiak dira hauek. Metallica, Slayer, Megadeth eta Anthrax tributo jaialdia eta Veneziatik disko berriarekin datorren Talco taldea.

Zabaldu: