Sandra Garayoa ilustratzailearen erakusketa Donostian ikusgai

Abenduaren 11ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, Donostiako Aiete Kultur Etxean.

Sandra Garayoa artistaren (Donostia, 1993) erakusketa ikusgai egongo da abenduaren 11ra arte, Aiete Kultur Etxean, Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Garayoak 2015ean bukatu zuen Usandizaga Institutuan Diseinu Grafikoko Goi Mailako Zikloa. Ondoren, Bartzelonara joan zen eta bertan Escola Massanan Ilustrazioan graduatu zen.

Hainbat esparrutan egin du lan. Diskoetako azalak diseinatzen, kartelgintzan, baita animaziozko filmak egiten ere. Egun, Haur eta Gazte Literaturan eta narraziogintzan murgilduta dago. Esparru honi dagokionez, hainbat lan argitaratu ditu: Xabier Olasok idatzitako Hanka, Moko eta Buztan (Ikaselkar, 2021) liburuaren ilustrazio lanak; 2020an Etxepare Saria irabazi zuen Itziar Otegirekin batera sortutako Lorerik Gorriena (Pamiela, 2020)  albumarekin; eta une honetan, Bang argitaletxearekin komiki proiektu bat sortzen ari da.

Berria egunkariko Mantangorri gehigarrian hilero bere ilustrazioekin kolaboratzeaz gain, zenbait fanzine eta aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak. Euskal emakumezko ilustratzaileei buruz Katilék argitaratu zuen Gogoratzen naizenetik marrazten dut proiektuan ere parte hartu zuen 2021ean.

Bere lana erakusketa ugaritan paratu du. Azken urte hauetan, erakusketa kolektibo hauetan parte hartu du: Leihoak zabalik, Donostiako Okendo Kultur Etxean 2021ean; Mazoka ilustratzaileen azokan, 2020an Montehermoso kulturunean; 2020an Balentziako Carmen Kulturunean egin zen Babakamo Babalunga i Kamalongos erakusketan.

Bakarkakoen artean, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Gunean 2021ean Katapulta Plataformak antolatu zuen Inventarium, cátalogo de lo hallado por dentro erakusketa paratu zuen. Bertan, bere ibilbidean egin dituen hainbat lan pertsonal erakutsi zituen; 2019an Irungo Martindozenea gaztelekuan Sustraiak erakusketa ireki zuen; eta 2019an Donostiako Posidonia Estudion Otsailari, agur erakusketa.

Sari eta aipamen ugari jaso ditu azken urteetan. Lehen aipatutako Etxepare Sariaz gain, 2022ko Boloniako Haur Liburuaren Azokan egin zen ilustratzaileen erakusketarako hautaketan finalista geratu zen; 2021eko Iberoamerica Ilustra izeneko katalogorako hautatua izan zen; urte berean, Kataluniako Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatzen dituen Junceda Sarietan autoedizioaren kategorian finalista suertatu zen, Colectivo Cincoren kide gisa. 2020ko Irudika Euskadiko Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionaleko ohorezko aipamena jaso zuen Haur eta Gazte Literaturaren atalean; 2017an Ilustrazioko Eva Toldra Ilustrazio Sarietan kategoria orokorreko lehenengo saria jaso zuen eta Junceda Sarietako etorkizuneko sortzaileen kategoriako
finalista izan zen 2018an.

Ilustrazioaren inguruan, hitzaldi eta tailerrak eskaintzeaz gain, Garayoa etengabe ari da bere burua prestatzen ikastaro eta topaketetan parte hartzen. Besteak beste, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen Biko-Teka liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean zein MarraziOak Ilustratzaileen Topaketetan parte hartu izan du. Olio-pastelak, argizariak, koloretako arkatzak eta grafitoa erabiltzen du bere marrazkietan, eta emaitza trazu espresibo eta sendoak, forma organikoak eta koloretako orbanak dituen lana da. Bozetoak egitea saihesten du eta aldez aurretik gehiegi pentsatu gabe marraztea gustatzen zaio, ilustrazio espontaneoagoak eta zuzenagoak lortzeko.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki landa eta Maite Rosende. Orain, Sandra Garayoaren txanda da.

Zabaldu: