(argazkiak: Donostia Kultura)

Donostia Apainek margolan berriak egiten jarraituko du

Loiolako eta Altzako aurreko edizioetan bezala, hiriko artisten margolanak Urumea ibaiaren ertzetara itzuliko dira.

Donostia Kulturaren kultur etxe sarearen ekimena da Donostia Apain, eta artearen bidez hiriko auzoen garrantzia ikusarazten laguntzea du helburu. Hala, azken urteotan artista muralisten topaketak Loiolan (2019) eta Altzan (2021) antolatu dira. Herritarren partaidetzarako Olatu Talka jaialdiaren azken edizioaren baitan abiatutako arte-urbano topaketan du jatorria ekimenak.

Hirugarren edizioa du egitasmoak eta oraingoan ere Urumea ibaiaren ertzetara itzuliko da, Martutene eta Loiola auzoetara, hain zuzen. Esku-hartzeak eta lanen antolaketa Loiola Kultur Etxetik koordinatu da eta artistak aukeratzerako orduan ArteUpArte galeriaren aholkularitza kontuan hartu da.

Denetara hamar esku-hartze egingo dira: bost Martuteneko auzoan izango dira, eta beste lau Loiolan, 2019az geroztik egindakoetara gehituko direnak, eta azken bat Urumearen ibilbidearen ondoan, Amarara iristen den inguruetan.

Lehenengo esku-hartzeak ekainean hasi ziren eta urriaren erdialdera arte iraungo dute. Aurreko edizioetan ez bezala, aurten bost hilabetetan zehar egiten ari dira modu mailakatuan.

Artistak

Antolatzaileek adierazi dutenez, “hiriko esku-hartze orotan oso garrantzitsua da kontuan hartzea artista batek eta bere lanak inguruko ingurune naturalarekiko eta gizakiarekiko duten konpromisoa. Artisten hautaketa egiterakoan, beren ibilbide artistikoen kalitatea eta ibilbidea oso kontuan hartzeaz gain, esku hartzen duten hiri- eta kultura-ingurunearekin duten lotura baloratu da”.

Aurten Stephen Webb, Udatxo, Ione Larrañaga, SorTwo, Pablo Astrain, Maialen Arocena, Marina Capdevila, Lidia Cao eta berriki gehitu den Kol3jo artistek hartuko dute parte.

Zabaldu: