Mintzolaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna izango da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera.
Mintzola ahozko Laborategiak iaz bere ibilbidea amaitutzat eman ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia izango da aurrerantzean. Horretarako, Euskaltzaindiak bere lan eremua, lehentasunezko lan ildoak eta jarduerak finkatu ditu. Ohi duen lez, horiek guztiak ahozkoaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan landu nahi ditu.
Hala, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formazioan eta sustapenean jardungo du egitasmoak aurrerantzean. Horren haritik, ikerketa sustatzeko bi deialdi egin ditu Euskararen Akademiak: bata, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa edota master-amaierako bost lan saritzeko.
Era berean, lehentasunez honako gai hauen inguruko beste ikerketa batzuk ere bultzatuko ditu:
-Eguneroko hizkera: ezaugarriak.
-Eguneroko hizkera euskal komunitatean: corpusaren osaketa, mapak eta diagnostikoa.
-Gaztelera eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean. Faktore horren eragina hizkuntza-hautuan.
-Hezkuntza araututik eta arautu gabeko hezkuntza edo aisialdi antolatutik eguneroko hizkerarako adierazkortasun-baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
-Hedabideetatik eguneroko hizkerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
-Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
-Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilera sustatzeko bideak eta tresnak.
Ahostegunak eta Ahots Baten sormen egonaldiak
Esandakoaz gain, aspalditik datozen beste bi egitasmo ere bultzatuko ditu Euskaltzaindiak, Mintzola egitasmoaren bidez. Proiektu hauekin, eta erakundeen arteko elkarlana oinarri hartuta, gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera bultzatu nahi da, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda.
Ahostegunak: 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta, antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko saioak.
Ahots Baten sormen egonaldiak: euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, berean artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortutako egonaldia. Urriaren 29tik azaroaren 1era izango da, Amaiurko aterpetxean.
Izen-ematea: www.euskaltzaindia.eus/mintzola atarian (urriaren 3tik 20ra).
Bi proiektu hauetaz gain, mintegiak ere antolatuko dira, ezagutzaren transferentzia eta formazioa sustatzeko.
Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan, gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, diziplina hauek indartuz. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta, horietan landutako hausnarketak gogoan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkada honetan.