(argazkia: Kultur Sharea)

Urte amaierarako Durangoko Plateruena ireki nahi duela iragarri du Udalak

Durangoko Azokan, Ahotsenea gunea kokatuko da bertan eta horren ostean irekitzen saiatuko dira.

Urtea amaitu baino lehen Plateruena irekitzea nahiko luke Durangoko udalak, halaxe jakinarazi du Anboto aldizkariak. Argitalpenean azaldu dutenez, “2020ko abenduan itxi zenetik prozesu parte hartzaile bi gauzatu dira Plateruenaren etorkizunari buruzko iritziak jasotzeko; udalarena, bata, eta herritar talde batek gauzatutakoa, bestea. Baina harrezkero ezer ez dakitela esan du EAJko Jon Sergio Atxotegik eta honako galdera luzatu dio gobernu taldeari: Zer egitea pentsatu duzue orain urte bi itxi zen eraikin horretan? PSE-EEko Jesica Ruizek bat egin du galdera horrekin”.

Denbora tarte horretan urratsak eman dituztela azaldu du gobernu taldeko Iker Urkizak. Durangaldeko aldizkariaren arabera, “alde batetik,  proiektu berriak hartu beharko lukeen izaera juridikoa aztertzen aritu dira, udaleko teknikariekin batera. Horretarako, besteak beste, beste herri batzuetako ereduak arakatu dituzte: Azpeitiko San Agustin kulturgunea, Madrilgo Mataderoa eta Zaragozako beste bat”.

Informazio guztiarekin txosten juridiko-teknikoa landu dute. Uztailean amaitu zuten txostena. Bertan Plateruena kudeatzeko hiru eredu aurreikusten dira: kudeaketa zuzena (udalak kudeatua), zeharkakoa (kontsezio bidez) eta partekatua, hau da, publiko-komunitarioa. “Azken hori da prozesu parte hartzaileetan jasotakoak ondoen islatzen dituena. Eredu horri forma ematen ari gara”, azaldu du Urkizak.

Eredu publiko-komunitarioak honakoa esan nahi du. “Udalak bere baliabideak jarriko ditu eta komunitarioa izango da Durangoko elkarteak, eragileak eta sortzaileak kontuan hartuko dituen heinean. Hortik kultur-mahaia irtengo da eta mahai hori izango da Platerueneko kultur arloko motorra”, dio Urkizak.

Eraikina udalaren jabetzakoa da eta paraleloki hainbat lan burutu dituztela diote: mantenu lanak, ikuskapenak… Guztira 38.500 euro inbertitu dituzte. Jarduera-lizentzia ere atera dute.

Horrekin batera, proiektu berriak izango lukeen gastua (argindarra, gasa, mantenua…) kalkulatu eta datorren urteko aurrekontuetan aurreikusi dute. Hain zuzen, 2023ko aurrekontuetan 313.000 euroko diru-atala gorde dute gastu horietarako.

Dena kontuan hartuta, urtea amaitu aurretik ireki nahi dute Plateruena. Abendu hasieran,  Durangoko Azokan, Ahotsenea gunea kokatuko da bertan eta horren ostean irekitzen saiatuko dira. “Abenduan, Ahotsenearen ostean, irekitzen saiatuko gara eta ezin bada 2023 hasieran”.

Zabaldu: