(argazkia: Emagin Elkartea)

‘(Ez)amatasunak ikuspegi feministatik: egin, desegin, berregin’ jardunaldiak antolatu dituzte azaroan, Tabakaleran

Eztabaida feministarako gune eroso eta segurua sortzea da helburua, eta etorkizunerako estrategia feministak identifikatzea.

Datorren azaroaren 11n eta 12an (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik: egin, desegin, berregin jardunaldiak antolatu ditu Emagin Elkarteak, Donostiako Tabakaleran. Azaldu dutenez, “ gure buruari atxiki diogun helburuarekin antolatu ditugu jardunaldiak: Euskal Herria feminista bilakatzea, eta burujabetza prozesuan sakontzea. Horregatik, uste dugu ezinbestean heldu behar diogula emakume guztiok zeharkatzen gaituen gai bati: amatasuna”.

Antolatzaileek aitortu dutenez zalantza asko izan dituzte horiek antolatzeko, izan ere, “gai konplexua da, hari asko ditu, eta askotariko esperientziak”. Horiek osatzeko feminista askorengana jo dute, korapilo horiek zein diren identifikatu eta egitarauari forma emateko. “Badakigu auzi honek dituen erpin guztiak ezin direla jardunaldi batzuetan landu, baina pozik gaude egindako kontrasteekin eta jasotako ekarpenekin”.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, aspalditik agertu zen gaia sakonki lantzeko premia. Salda badago Jardunaldi Feministetan gaia landu arren, ez zen aukerarik egon sakonki lantzeko (tailer bakarra egin zen), eta hainbat feminista kexu ziren. “Gai honen bueltan geroz eta diskurtso eta praktika gehiago ikusten genituen Euskal Herrian, baina ez genituen artikulatuak ikusten. Gainera, aurrera eramaten ari ginen zaintzarekin lotutako ikerketa askotan behin eta berriz ateratzen da gaia, eta ez genuen eztabaida hori oso garatua Emaginen”.

Oso gai konplexuaren aurrean gaudela nabarmendu dute, “errebeldiak, bakardadeak, epaiak, armairuak, kulpak, iruditeriak, zalantzak, esperientziak… Askotarikoak dira amatasunak sortzen dituenak. Izan aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten diogun zerbait, emakume ugari zeharkatzen gaituen gaia da. Horregatik esaten dugu (ez)amatasunarena esperientzia kolektiboa dela. Are, izaera guztiz politikoa duen talde esperientzia da eta horregatik da feminismotik landu beharrekoa. Era berean, oso era intimo eta pertsonalean eramaten diren kontuak zeharkatuta dago, eta horrek gure erabakimenarekin zein erraiekin lotzen gaitu. Eta ez dugu ukatuko, min, zauri, ulermen, epai … asko sortzen dituen gaia da”.

“Izan da gure derrigorrezko destino, instituzio patriarkal gisa, eta horregatik eztabaida ekidin ezina izan da emakume askorentzat. Halaber, izan da eta da emakume askoren desio. Argi dago amatasunak askotariko bizipenak jasotzen dituela, Horregatik uste dugu amatasunen (amatasunen, ez amatasunen eta beste amatasunen) gaineko hausnarketa feminista sustatu beharra dagoela, eta eztabaidarako zein elkartrukerako gune bat sortzea, aberasgarria izan daitekeela”.

Helburu orokor horrekin antolatu dituzte, baina badira beste batzuk. Batetik, askotariko amatasun ereduak ikusarazi eta esperientziak ezagutu nahi dituzte, ama izateko aukera bakarrari aurre egiteko, eta diskurtso zein praktika esentzialista eta diskriminatzaileei aurre egiteko. Bestetik, amatasunen gainean sustatu diren iruditeriak aztertu nahi dituzte eta beste irudi konstelazioak sortu, eraldaketarako. Gainera, identifikatu nahi dituzte ondoezak, zein indarkeria motek gurutzatzen dituzten hainbat emakumeren hautuak, nola lotzen diren egitura sozialarekin eta zer egin behar den horiek osatzeko. Azkenik azken urteetan sortu diren teoria, diskurtso eta estrategia feministak ezagutu nahi dituzte, gurasotasun komunitariora salto egiteko, beste senidetasun era batzuk eraikitzeko, familia heteropatriarkala arrakalatzeko.

Azken finean, amatasunak ikuspegi feministatik aztertu nahi dituzte, atzean dituen galderak, hitzak, egiturak eta ertzak topatzeko, eta amatasunak egin, berregin eta desegiteko.

Egitaraua

Jardunaldiak azaroaren 11 eta 12an izango dira. Egun osoko egitaraua izango da eta Tabakalerako bi espazioetan garatuko dira jardun guztiak: ostiral goiza zinema aretoan eta gainerakoa 5. Solairuko Prisma izeneko areto zabalean.

Edukiera mugatua izango da. Horregatik, lehen bait lehen izena ematera gonbidatu nahi izan dute jendea. Azaroaren 4ra arte eman ahal izango da izena https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus/ webgunean. Lotura horretan bertan egitaraua ere ageri da.

Zabaldu: