Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bidez egingo du eta izena emateko epea gaur ireki eta urriaren 20an itxiko da. Egonaldian parte hartuko duten gazteen taldea izena emandako hurrenkera errespetatuz osatuko da. Ahots Baten ekimenak euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beraien artean harreman-sareak ehuntzeko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortutako saioak dira.
Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia izango da aurrerantzean. Horretarako, Euskaltzaindiak bere lan eremua, lehentasunezko lan ildoak eta jarduerak finkatu ditu. Ohi den bezala, horiek guztiak ahozkoaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan landu nahi ditu Akademiak.
Honela, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jardungo du Mintzolak aurrerantzean. Horren haritik, aspalditik datorren egitasmo bat bultzatuko du Euskaltzaindiak, Mintzola lantegiaren bidez. Proiektu honekin gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera izango dute, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzeko aukera emanda.
Ahots Baten sormen egonaldiak: euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, berean artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortutako egonaldia.
Urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean izango da, Amaiurko aterpetxean eta izen-ematea gaurtik, urriak 3, 20ra izango da.