Euskal Herriko musikarien elkarteak sektore honek gizartearen aurrean bizi duen egoeraren bozgorailu nagusia izaten jarraitu nahi duela adierazi du.
Musikari Euskal Herriko musikarien elkarteak orain arte izan duen irudi korporatiboa goitik behera aldatu du eta gaur aurkeztu du bere marka berria. Irudia, Bertako kideek azaldu dutenez, “Elkarteak transmititu nahi dituen balioen arabera sortu da”. Myriam Myranda koordinatzailearen hitzetan, “irudi freskoa, garbia eta musikaren sektoreak bizi dituen garai berriekin eta Musikarik berak ere bizi duen etapa berriarekin bat dator”.
Irudi korporatibo berriaren sorkuntzarako, beste hainbaten artean, Husmee Estudioak ondorengo kontzeptuak hartu ditu kontuan: Musikariren izaera elkargune gisa; konposizioa eta sorkuntza, elkartea osatzen duten pertsonen lanaren oinarri bezala; norbanakoaren eta Musikariko bazkideen garrantzia; musikari profesionalen kolektiboa elkartzeko eta sarean lan egiteko beharra; eta haien berezko izaera edo nortasuna.
Bide berri baten hasiera
Musikarik bide berri bati ekin dio, eta musikaren sektorearen eta bere profesionalen baldintzak hobetzeko borrokan funtsezko eragileetako bat den aldetik, bere eginkizuna indartu nahi du. Horretarako, sektoreko beste eragile batzuekin batera egiten duen lana ere bultzatu nahi du, hala nola Unión de Musicos elkartea eta UPTA sindikatuekin. Besteak beste, Artistaren Estatutuaren garapenaren alde lan egiten du beraiekin.
Emakumeak Musikariren buru
2020an, Musikarik zuzendaritza batzordea berritu zuen, eta, ordutik, zortzi emakume dira elkartearen buru: Eneritz Dueso (presidentea), Idoia Hernandez (idazkaria), Lide Hernando (diruzaina), Miren Narbaiza (batzordekidea), Izaro Andres (batzordekidea), Olatz Salvador (batzordekidea), Garazi Esnaola (batzordekidea) eta Myriam Miranda (koordinatzaile nagusia). 2022aren hasieran, Naiara Egimendia Elkartean sartu zen, komunikazio-arduradun gisa. Bere garaian adierazi zuten bezala, Musikarin sartu ziren “babesik gabeko” sektore baten alde lan egiteko, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dute Musikari bezalako eragileen lana, 300 bazkide baino gehiago baititu dagoeneko.
Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, hiru dira nagusi: ekitaldien eta kontzertuen fakturazioan ematen den laguntza; aholkularitza juridikoa, fiskala eta jabetza intelektualaren ingurukoa; eta prestakuntza.