Poetika 2022 zikloak aurrera jarraituko du udazken honetan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

Bernardo Atxaga eta Carlos Aurtenetxe idazleak izango dira poesiari buruzko jardunaldi hauetako protagonistak, bai eta Txori Kantazaleren errezitaldia ere, Xabier Leteren urratsei jarraituz.

Urteko azken hiruhilekoan ere aurrera jarraituko du Poetika zikloak, Koldo Mitxelena Kulturuneak urtero antolatzen dituen irakurketa poetikoak, Jon Obeso eta Jose Luis Padronen koordinazioarekin eta Musikeneren laguntzarekin. Hiru errezitaldien aurretik, baina, adituen aurkezpenak izango ditugu, egile gonbidatuen testuinguruaren errealitatea eta errealitate poetikoa kokatzen laguntzeko. Ikasle instrumentistek ere parte hartuko dute, irakurketari eduki musikala emateko.

Joana Otxoa de Alaiza pianista eta Alexander Gurrutxaga filologoa arduratuko dira gaurr, urriak 18, programa irekitzeaz. Txori Kantazalek Xabier Leteren unibertso poetikoan murgiltzea proposatuko digu eta haren bizitzan eta arte ibilbidean barrena beste modu batean ibiltzea. Pianoa, hitza eta dramatizazioa uztartzen dituen errezitaldi bat izango da. Joana Otxoa de Alaizak Leteren musika obrako piezarik onenak berrinterpretatuko ditu pianoarekin, eta Alex Gurrutxagak, berriz, egilearen esanahi poetiko eta kulturalaren ezaugarri intimo eta pertsonaletara eramango du publikoa.

Azaroaren 9an, asteazkena, Carlos Aurtenetxe izango da poeta gonbidatua, Amalia Iglesias Sernak aurkeztuta. Aurtenetxe poeta, narratzaile eta saiakeragilea da, eta Kurpil eta Kantil literatura aldizkarien kolaboratzailea izan zen. 1977. urtean, Los Lemmings izeneko kontakizunarekin, Donostia Hiria ipuin saria irabazi zuen. Hiru euskal eskultoreren obrari eskainitako trilogia baten egilea ere bada: Eduardo Chillidaren La casa del olvido, Jorge Oteizaren La piedra acontecida eta Remigio Mendibururen Acanto ciego. Jean Mambrinoren obra itzuli du gaztelaniara. Hauek dira argitaratutako azken lanak: La locura del cielo (2015) eta Historia de la hierba (2018).

Poetika zikloaren edizio hau amaitzeko, Bernardo Atxaga ere izango da Donostian, abenduaren 1ean, osteguna. Atxaga euskal literatura garaikidearen irudi nabarmenetako bat da. Idazle, dramaturgo eta poeta horrek duela 46 urte argitaratu zuen bere lehen liburua Ziutateaz izenburupean, eta ordutik hona berrogei lan baino gehiago argitaratu ditu: poesia, narratiba, saiakera, antzerki eta haur literatura.

Musikene arduratuko da musikaz oraingoan.

Saio guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian izango dira, 19:30ean.

Zabaldu: