Zinegintzan, antzerkigintzan, literaturan eta, estreinakoz, komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako beka deialdia da.
“Aurreko edizioaren arrakastak bultzatuta, eta hainbat hilabetez luzatu den prestaketa garai baten ostean, martxan da berriro ere Geuretik Sortuak ekimena”, halaxe iragarri du egitasmoa Udalbiltzak. Euskaraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu duen egitasmo honek bigarren edizioa izango du, eta 2023. eta 2024. urteetan zehar luzatuko da. Zinegintzan, antzerkigintzan, literaturan eta, estreinakoz, komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako beka deialdia da, eta Buletin Ofizialetan argitaratzen den unetik hilabetez egongo da zabalik (epemuga laster jakinaraziko da, Udalbiltzaren gardentasun atalean).
Aurreneko edizioan bezala, ireki berri den beka deialdiak honakoa sustatuko du: aipatutako arte alorretako sortzaileek euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute, bertako errealitatean modu askean oinarrituta, herritarrekin harremanean, euskarazko sormen lan bat garatzeko. Hautatua den sortzaile bakoitzari bi beka eskainiko zaizkio: bata lanaren sormen, garapen edota ekoizpenerako; eta bestea, ostera etorriko den hedapen fasean sortzaileek egingo dituzten aurkezpen/emanaldien ordainsari gisa, azken hau emanaldi kopuruaren araberakoa izango da. Bi beka hauez gain, egitasmoak sortzaileen egonaldiko dietak, ostatua eta garraio-gastuak ere estaliko ditu.
Deialdian ez da edizio honetan parte hartuko duten udalerrien zerrenda argitaratuko. Bertara aurkezten diren sortzaileek, eurek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleitzeko Balioespen Batzordea osatuko da, behin deialdia amaituta.
Hautatu eta garatzen diren literatura lanak ipuin luzeak izango dira eta behin amaituta, bilduma batean argitaratuko dira. Komikigintzarekin berdin egingo da, sortzen diren lanak bilduma batean argitaratuz. Horrez gain, alor honetako lanen prozesua dokumentatuko duen erakusketa ibiltari bat antolatuko da. Antzerki lanak bakoitza bere aldetik aurkeztuko dira emanaldi zirkuituan; eta, azkenik, zinemagintzaren arloan, lehengo urtean ez bezala, film laburrak ez dira film luze bakarrean ekoitziko. Bakoitzak bizitza propioa izango du, nahiz eta batera aurkeztuko diren.
Sormen lanak amaituta entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artista horiek: ipuinen eta komiki-lanen kasuan, 2023ko irailaren 22a; antzezlanen kasuan, 2023ko azaroaren 24a; eta film laburren kasuan, 2023ko abenduaren 23a.
Hedapen-zirkuituan aldaketak
2024. urtean egingo den hedapen zirkuituak aurreko edizioarekiko ekarriko duen beste aldaketa bat esklusibotasun-eza izango da. Zirkuituaren epemugen baitan, sortzaileek proiektuan parte hartuko duten udalerriak ez diren beste eremuetan aurkeztu ahal izango dute lana. Beti ere, baldintza batzuk bete beharko dira kasu hauetan: egitasmoan sartuta dauden udalerriei lehentasuna emango zaie egitaraua osatzerako orduan, egonaldia egin den lekuan aurkeztu beharko da lehen aldiz sormen lana eta, antzerkiaren kasuan, ekimenetik kanpoko udalerrietan egiten diren aurkezpenetan %15ean handitu beharko dute katxeta.
Horrez gain, bigarren edizio honek hedapen fasean izango duen beste aldaketa bat zirkuituaren moldagarritasunean datza. Herri bakoitzak ez du zertan sortutako lan guztien emanaldiak hartu; bai ordea, sortutako lanen erdia gutxienez. Aukeraketaren arabera, zirkuitu moldagarri eta parekide bat sortuko da lan guztien artean.
Deialdia zabalik
Deialdia zabalik dago jada. Beka-eskaerak egiteko epemuga, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hilabeteko epean izango da. Argitaratzen den unean jakinaraziko du Udalbiltzak epemuga.
Deialdiaren oinarrietan eskatzen diren dokumentuak honako helbideetara bidali ahal izango dira: posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun edo oosta elektronikoz: udalbiltza@udalbiltza.eus helbidera.