(argazkia: Alberto Elosegi)

Alaia Martin bigarren itzulirako sailkatu da

1.400 bertsozale bildu ziren larunbatean Elizondoko Baztan pilotalekuan saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Lehen fasea bukatuta, finalaurrekoen faseari ekin zion larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiak. 1.400 lagun batu ziren Elizondoko Baztan pilotalekuan. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasi zen eta Amaia Castorene Luro gai-emailea aurretik zutela sartu ziren sei bertsolariak: Unai Agirre Goia, Joanes Illarregi Marzol, Iñaki Apalategi Astigarraga, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste eta Onintza Enbeita Maguregi.

Ariketa guztiak egin ondoren, Alaia Martin izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria; bigarren itzulirako baliagarriak diren 729,5 puntu batu ditu. Jarraian Joanes Illarregi 711 punturekin, Agin Laburu 677 punturekin, Unai Agirre 652,5 punturekin, Onintza Enbeita 639,5 eta Iñaki Apalategi 623 punturekin. geratu dira. Larunbateko saioa irabazita, Martinek zuzenean lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Beste bost bertsolariek hurrengo saioen zain geratu beharko dute aurrera egingo duten ala ez jakiteko.

Fase honetan epaimahaia osatu zutenak hurrengoak dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin ziren aurreko fasetik. Lehen bezala, binaka aritu ziren zortziko handian eta txikian lehenengo. Gero, berriz, puntuka egin zuten zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso bota zituzten ostean. Azkenean, ganbarako lana egin zuen seikoteak: “Eskua hartu dizu. Indartsuago sentitu zara”.

Hurrengo finalaurrekoa, Donibane Garazin

Urriaren 29an izango da bigarren finalaurrekoa, larunbatean, Donibane Garazin. Bertan kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.

Zabaldu: