(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilerak irabazleak ezagutzera eman ditu

Larunbat honetan egindako Sari Banaketa ekitaldian Sail Ofizialeko irabazleak eman dira ezagutzera: Eñaut Castagnetek, esaterako, Film onenaren saria irabazi du Muga lanagatik, eta Zuzendaritza onenaren saria Aitzol Saratxagak eraman du Lanbroa filmagatik.

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak sari banaketa ekitaldia egin zuen larunbatean. Orotara hogei izan dira Sail Ofizialeko Lehiaketara sailkatuta zeuden filmak, genero eta izaera oso ezberdinekoak eta aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon dela adierazi du antolakuntzak.

Hala, hogei lan horien artean bost izan dira saria eskuratu dutenak. Film onenarena, Zuzendaritza onenarena, Gidoi onenrenaa, Gazte22rena eta aipamen bereziarena. Film irabazleak erabakitzearen arduradunak Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegileak izan dira eta kontatu dutenez, erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko. Bestalde, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez Eitb Ikuslearen saria erabaki dute.

Film onenaren saria, Eñaut Castagneten Muga lanarentzat izan da. Immigrazioa, maila sozial eta lan esplotazioa bezalako gaiak jorratzen dituen lana da. Western formatua duen pelikulak denbora osoan tentsioa mantentzen du, “kameraren erabilera eta musikaren erabilera bikaina” nabarmendu dute epaileek. Hortaz, berarentzat izan dira 45. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria Aitzol Saratxagaren Lanbroa lanak eraman du. Baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazten ditu eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen dituelako. Berarentzat izan dira 1.600 euroak eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Raul Barrerasren Arnasa lanarentzat izan da. “Xamurra eta hunkigarria”. Narratiboki era borobilean egina eta errespetuzko mezua adierazten duela azpimarratu dute epaileek. Berarentzat ere 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra izan dira. Barrerasen filma ikusleek astean zehar emandako botoen bidez Eitb Ikusleen sariaren irabazlea ere izan da.

Gazte22 saria, Nagore Murielen Erro bi lanarentzat izan da. Sari honen irabazleak 22 urte edo gutxiago izan behar ditu. Aurtengo edizioan aurre-aukeraketa pasatu duen egile gazte bakarra izan da, hortaz erabakia erraza izan da epaileentzat. Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria. Azkenik, epaimahaiak Leire Egañaren Erlojupekoa lanari egin nahi izan dio aipamen berezi bat.

Euskal Zinemaren Begirada: Ramon Agirre

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz, Euskal Zinemaren Begirada, Ramon Agirre Lasarte euskal aktorea omendu nahi izan da, 1983. urteaz geroztik euskal zinema, antzerki eta telebistan egindako ekarpena balioan jartzeko.

Zabaldu: