(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

‘Batuz Aldatu’ dinamikaren baitan hizkuntza politikaren inguruan adostasun politikoa lortzeko lanean ari den talde eragilea aurkeztu dute

Iaz bi konpromiso hartu zituzten dinamikan parte hartzen duten erakundeek: “batetik, norabidetze horiek oinarri eremuz eremu hizkuntza-politiketako lehentasunak identifikatzea, eta bestetik, adostasun soziala politiko bihurtzeko bideak jorratzen hastea.

Batuz Aldatu eremu oso desberdinetan diharduten ehundik gora eragilek hizkuntza-politiketan eragiteko adostutako dokumentua da, 2021eko ekainaren 19an Donostiako Kursaalen aurkeztu zuten. Adostasun sozial horrek hizkuntza-politiketan helburua birdefinitu zuen; euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermatzea. Halaber, helburu horretara iristeko politiken norabidetzeak ere zehaztu zuten: ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea.

Oraingoan, Batuz Aldatu dinamikaren baitan dauden ehundik gora eragileetako ordezkariak Donostiako Parke Teknologikoko auditorioan bildu dira sinatzaileen Lehen Biltzar Nagusia egiteko. Izan ere, iaz bi konpromiso hartu zituzten dinamikan parte hartzen duten erakundeek: “batetik, norabidetze horiek oinarri eremuz eremu hizkuntza-politiketako lehentasunak identifikatzea, eta bestetik, adostasun soziala politiko bihurtzeko bideak jorratzen hastea”, azaldu dute.

Adostasun sozial handi eta anitza adostasun politiko bihurtzea da, beraz, Batuz Aldatu dinamikaren helburu nagusia. Horretarako bide hori jorratuko duen Talde Eragilea aurkeztu dute, honako eragileok osatuta: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa, Nafar Ateneoa eta Zabalik elkartea.

Dinamika bultzatu duen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi duenez, “Batuz Aldatu dinamikaren aniztasuna ederki islatzen duen taldea da, eduki zehatzen gainean adostasun eta aliantza berriak eraiki daitezkeela islatzen duen taldea”.

Nafarroako Ateneoko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariek, bere aldetik, erronka berriari pozik eta erantzukizunez erantzungo diotela aipatu dute. Izan ere, zinez uste dute bidea egiten ari direla, pausuz pausu, baina urrats irmoen bidez, eta helburu handi bezain ilusionagarri bati jarraituz. Bi eragileen arabera, “guztion bat egiteak ekarriko du euskaraz eroso bizitzea ahalbidetuko duen agertokia”.

Horrexegatik, Talde Eragileko ordezkariek berretsi dute Batuz Aldaturen helburu nagusia indartzen eta zabaltzen jarraitu behar dela. Hau da, beharrezkoa dela adostasun hori are gehiago zabaltzea, bai eragileei dagokienez, baina bai eta adostasun politikoei dagokienez ere.

Horretaz gain, sinatzaile diren hainbat eragilek eremuz eremu hizkuntza-politiketan dauden lehentasunak eta neurriak zehaztu dituzte, bai Euskal Herri mailan, bai eta euskara ofiziala den edota ofiziala ez den eremuetan ere. Administrazioan, esaterako, herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko epemuga zehaztea eta horretarako beharreko zirkuituak osatu beharra zehazten da; hezkuntzan, ikasle guztiei gaitasun egokia bermatuko dien euskarazko ikasteredu orokortua abian jartzea; hezkuntza ez-formalean, administrazioak kudeatzen dituen aisialdi eta kirol eskaintzak euskaraz izatea; helduen-euskalduntzean, doakotasunaz gain helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen agentzia sortzeko urratsak egitea; eremu sozioekonomikoan, herritarrei zerbitzua emateko denean, administrazioarekin egiten diren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea, zerbitzu hori euskaraz eman ahal izango dela ziurtatzeko; eremu digitalean, edukiak ugaritzeko, sorkuntza sustatu dezaketen inbertsioak ugaltzea (bekak, lehiaketak eta laguntza-zuzenak), eremu honetan euskarazko erabilera areagotzeko helburua ezarriz; kulturan, sortzaileari langile-eskubideak aitortuko dizkion estatusa berariaz garatzea edota euskarazko kultur sorkuntzaren produkzioarentzat inbertsioak handitzea; azkenik, hedabideetan, finantzazio-sistema egonkorra eta euskarazko ikus-entzunezkoen presentzia bermatzea euskarri desberdinetan.

Lan egiteko molde berriak

Horrekin batera, hainbat parte hartzailek aurten Batuz Aldatu filosofiaren baitan abian jarri diren dinamikak partekatu dituzte gainerakoekin. Adostasun sozial berrien eredu dira, esaterako, EAEn hezkuntza lege berrirako abian jarri den dinamika, Nafarroako Hezkuntza Itunari ekarpenak egiteko prozesua, gehiengo sindikalarekin EAEko administrazioa euskalduntzeko lanketa edota Hego Euskal Herrian enpresetan euskararen aldeko konpromisoak har ditzaten abiatu berri den dinamika. “Zalantzarik ez dugu elkarrekin eraginez gero, emaitza are hobeak erdietsiko ditugula. Izan ere, hizkuntzaren aferan denok dugu zer egin eta zer esan. Garrantzitsua da eragile guztiek hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea. Eta horretaz gain elkarrekin eragiteko espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da hizkuntza-politiketan eragitea, adostasun sozialetatik adostasun politikoetara jauzi egitea”, berretsi du Kontseiluko eledunak.

Biltzarraren bukaeran, bertaratu diren ordezkariek ongi etorria egin diete dinamikari atxiki zaizkion eragile berriei: Ekonomisten Euskal Elkargoa, Gaurgeroa (Euskal Herriko Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea), Gazte Euskaltzaleon Sarea, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua, HiTZ (Euskal Teknologiako Zentroa), Lanartea (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), Pantailak Euskaraz, Sukar Horia, UZEI, Xake Espazioa eta Xuti (Ipar Euskal Herriko gazteen erakundea).

Zabaldu: