Lizarraga euskal letretan ezagutzen den idazlerik oparoenetakoa izan zen, eta liburu hau Nafarroa Garaiko euskara hobeki ezagutzeko aproposa dela dio Euskaltzaindiak.
Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiak eta Ibai Iriarte egileak Mendaur bildumako Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa lana aurkeztu dute. Joakin Lizarraga edo Lizarraga Elkanokoa (Elkano, 1748 – Elkano, 1835) apaiz eta euskal idazlea izan zen. Garaiko idazle euskaldun garrantzitsuenetakoa, lanak hegoaldeko goi- nafarreraren Iruñerriko aldaeraz idatzi zituen, orduko euskara jasoz. Garai bateko Iruñerri euskaldunean bizi ziren eliztarrei heziketa erlijiosoa eskaini ahal izateko, 5.000 orrialde inguru idatzi zituen eskuz eta euskaraz. Hizkuntzari dagokionez, oso aberatsa da Joakin Lizarragaren lanek eskaintzen duten informazioa.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariaren hitzetan, “Joakin Lizarragak Eguesibarko euskaraz idatzi zuen. Ezaugarri horrek balio berezia ematen dio bere lan oparoari, Iruñerriko hizkera galdu egin baitzen. Hortaz, Elkanoko idazleari esker, hegoaldeko goi-nafarreraren aldaera hori betiko gordeta geratu da”.
Liburu honek atal nagusi ditu: azterketa eta hiztegia. Azterketaren zatian Lizarragaren bizitzaren nondik norakoak, obra, erabilitako idatzizko iturriak eta zerabilen lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak bildu dira. Obra hau orain arte egin den Joakin Lizarragaren ondarearen azterketa sakonena dela dio Euskaltzaindiak, azken bost urteotan Euskararen Akademiak eta Nafarroako Gobernuaren artean egindako hitzarmenetan jaso da, eta Nafarroako Gobernuak finantzatu du.
Ibai Iriarte Goñiren lana
Iruñean jaio eta telekomunikazioen munduan lanean aritu ondotik, euskararen inguruko ezagutza sakonagoa izateko gogoak Gasteizen Euskal Ikasketen gradua ikastera bultzatu zuen. 2017an graduatu zen eta hurrengo urtean Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterrari ekin zion ikerketaren harrak hartaraturik. 2017ko irailetik 2022ko urtarrilera Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak babesturiko Joakin Lizarragaren lexikoa aztertzeko egitasmoan parte hartu du eta EHUko doktorego programako kide da iragan 2019az geroztik.