(argazkia: San Telmo Museoa)

‘Women are Beautiful’, Garry Winogranden argazkiak San Telmo Museoan ikusgai

Erakusketa 2023ko urtarrilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da.

 XX. mendeko Ipar Amerikako argazkigintzan berritzaile handienetako bat da Garry Winogrand. Argazkigintzak errealitatea zuzenean hartzen zuen garaian, Winogrand amerikar estilo berriaren ordezkarietako bat izan zen, eta bide berriak ireki zituen Street Photography izenekoan. Bere lanak inork ez bezala azaltzen jakin zuen 60ko eta 70eko hamarkadetako emakume estatubatuarren eraldaketa soziala islatzen duten emakumeen erretratuekin. Hamarkada oso batean zehar, Winograndek argazkigintzaren historiarako aldaketa indartsu hau hilezkor bihurtzen duen dokumentu bakarra eraiki zuen. 1960 eta 1975 artean egindako Women are Beautiful seriea monografia gisa argitaratu zen 1975ean. John Szarkowskik, garai hartan New Yorkeko Arte Modernoko Museoko argazki-komisarioa zenak, Winograndek egindako ehunka argazkien artean 85 irudi hautatu zituen monografiarako.

Lola Garrido bildumagile donostiarrak 1994an eskuratu zuen seriea enkantean, eta azken urteotan hainbat erakusketa zentrotan aurkeztu du. Gloria Crespo MacLenna editore grafikoak, berriz, erakusketaren eskuorrirako testua egin du, honela titulatuta: Garry Winogrand, emakumea deskribatu zuen argazkilaria.

 Farrar, Straus & Giroux argitaletxeak argitaratutako monografikoa argazkilariak berak editatu zuen. Argitalpena polemikoa izan zela dio Crespok. Sektore feminista batzuen kritika eragin zuen, eta oraindik ere badirau, emakumea ‘objektibatzeagatik’ eta ‘esplotatzeagatik’ gaitzetsi egin baitzuten argazkilaria. Crespo kritika hauen kontra azaldu da, “emakumeak ederrak badira, beren espazioa betetzen dutelako da, hain zuzen ere, haren jabe direlako, ez biktima”. Argazkilariaren esanetan, “argazkiak ateratzean bizitza ikusten dut. Eta horri egin behar diot aurre”.

Winograndentzat argazkia mutua da; “batek ez daki egiazki zer gertatzen ari den”. Ongi deskribatzea zen argazkilari gisa zuen erantzukizuna, erantzunik ematen ez zuen enkoadraketa baten barruan, giza komedia galdera harrigarrien eta kontraesan ugari eta zoragarrien bidez adierazten den esparrua. Hala, gero zer gertatuko den jakiteko irrikan egongo da beti bere obraren ikuslea.

Garridok hitzaldia eskainiko du Donostiako museoan, abenduaren 20an, 19:00etan, La trilateral del gusto. Aproximación al coleccionismo y la economía del arte izenburupean. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Zabaldu: