(argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

[BIDEOA] ‘Sorioneku’ hitza da baskoien hizkuntzan aurkitutako testurik zaharreneko lehena

Bere antzinatasuna Kristo aurreko I. mendearen lehen herenean kokatzen dela zehaztu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Izan ere, “dokumenturik zaharrena da, baita luzeena ere, euskaraz idatzia”.

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia talde batek Arangureneko Irulegi mendian dagoen Burdin Aroko herrixka bat induskatzen ari da 2017tik eta bertan topatu dute, hain zuzen, Kristo aurreko I. mendeko esku baten itxurako pieza berezi bat. Bertan, testu bat ageri da eta Sorioneku (zorionekoa) izan da deszifratu ahal izan duten bost hitzetatik lehena. Elkarteak azaldu duenez, “etxe bateko sarrerako atean zintzilikatzeko diseinatutako pieza bat da, seguruenik etxea babesten duen objektu erritual gisa”.

Bere antzinatasuna, Kristo aurreko I. mendearen lehen herenean kokatzen dela zehaztu du elkarteak. Izan ere, “dokumenturik zaharrena da, baita luzeena ere, euskaraz idatzia. Beste aurkikuntzekin batera, eskualde honetako antzinako biztanleek idazkera erabili zutela baieztatzen du, baskoiak zirela uste delarik. Hauek, horretarako, signario iberiarraren aldaera bat erabiltzen zuten, signario baskonikoa bezala ezagutzen zena”.

Piezari dagokionez, brontzezko xafla bat dela azaldu dute: “xafla leuna da, baina azazkalen forma du behatz batzuetan. Neurriak 143,1 milimetroko altuera, 1,09 milimetroko lodiera eta 127,9 milimetroko zabalera dira. Eskumuturretik hurbil dagoen muturraren erdian zulaketa bat du eta aurkikuntzako lekuak, morfologiak eta dekorazioak, baita inskripzioak ere, egiaztatzen dute erritu-objektu bat zela, etxebizitzaren sarrerako atean esekita zegoena, etxea babes zezan”.

2021eko ekainean aurkitua

Irulegiko eskua 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, aztarnategian induskatutako etxebizitzen sarreraren ondoan. Baina inskripzioa ez da aurkitu 2022ko urtarrilaren 18ra arte, orduan hasi baitziren pieza garbitzeko eta zaharberritzeko lanak.

Ordutik hona, arkeologo, geologo, zaharberritzaile, kimikari, epigrafista eta hizkuntzalarien diziplina anitzeko talde batek ikertzen du.

(Bideoa: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Zabaldu: