Hilketa bat gertatzen da eta horren berri ematen dute pertsonaia desberdinek, bakoitzak bere ikuspuntutik. Zinema mundua agertzen da, bere gorabeherekin eta bakoitzak duela 500 urteko gertaerei buruz duen ikuspuntua ematen du liburuan.
Jon Alonso idazleak Amaiurko Gaztelu elkartea eta (H)ilbeltza ekimenarekin elkarlanean Amaiur bat urtero liburua aurkeztu du.
Egileak azaldu duenez, “hasteko, proposamenak bazituen zehaztapen batzuk eta horiek aukera eman didate lana modu batez egiteko”. Gaur egun kokatua egotea eskatu zioten idazleari eta hala, Amaiurko setioari buruzko film bat grabatzen ari den zinema ekipo bateko partaideak dira nobelako protagonistak. Hilketa bat gertatzen da eta horren berri ematen dute pertsonaia desberdinek, bakoitzak bere ikuspuntutik. Zinema mundua agertzen da, bere gorabeherekin eta bakoitzak duela 500 urteko gertaerei buruz duen ikuspuntua ematen du. Azken pertsonaia polizia da, eta horrek modu berezi batean argitzen du hilketa”.
Alonsok argi utzi du zaila dela duela 500 urteko setioaren motibazioa zein zen jakitea: “nolakoak izan ziren eta nola pentsatzen zuten, zeri ziren leialak, zer pentsatzen zuten eta abar. Nahiz eta hauek ez jakin, gertaera objektiboak izan ziren inbasioa, gazteluaren jabetza eta erresuma desagerraraztea. Hori gogorarazten laguntzen duten gauza guziak (nobelak, saiakerak, ipuinak, komikiak, poemak, indusketak) inportanteak dira eta behar ditugu”, adierazi du.
Isabel Aleman Amaiurko alkateak, bere aldetik, urte osoan egin den lanaren aipamena egin du aurkezpenean: “Historia liburuei bakarrik tokia eman beharrean, gizarte guziarendako zerbait sortu nahi izan dugu: haurrei eta helduei, irakurzaleei eta ez hain irakuzaleei interesa piztuko dien lana”. Horrela ipuin bat, komikia, akuarelen liburua, poesia liburu bat eta orain nobela beltz bat argitaratu dituzte, Baztanen egiten den (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren asteko antolatzaileekin batera. “Beti nahi izan dugu Baztango eragileekin lan egin eta (H)ilbeltzak literaturarekin lan handia egiten duenez, beraiekin zerbait egitea proposatu genien, nahiz eta fikzioa izan, gure historia kontatzeko balio duena”.
(H)ilbeltzako kide Elurre Iriartek Alonsoren lan oparoaren errepasoa egin nahi izan du, “1995ean argitaratutako Katebegi galdua nobelatik hasita, Naparra kasu irekia saiakeraraino hamahiru liburu idatzi ditu idazle Iruindarrak. Amaiur bat urtero hau litzateke hamalaugarrena. Tartean Saramago, Cortazar eta Levi Strauss idazleen itzulpenak egin ditu ere bai”.
Liburuaren mamian sobera sartu gabe, pertsonaiak zein argi definitzen diren eta trama zein ongi garatzen den azaldu du Iriartek, argi utziz Alonsok erakutsi nahi izan duen belztasuna eta salatu nahi izan duena. Joseba Larratxe Joseviski-k egindako azalaren aipamenarekin akitu zuen (H)ilbeltzako kideak: “Josviskyk azalean pertsonaiak irudikatu ditu, baina barnean ageri diren irudiekin liburua edertu eta osatu du”.