Guantxeak, khoikhoiak, txetxenak, tartaroak, rohingyak, komantxeak eta maputxeak dira Akademiak araututako munduko herri eta etnia nagusietako batzuk.
Batzuetan, nahasian agertzen dira etniaren izena eta lurralde bateko herritarren izena, baina, gehienetan, biak bereizi beharra dagoela azaldu du Euskaltzaindiak. Adibidez, kirgiz etniakoen lurraldea Kirgizistan da, baina Kirgizistango herritarrak kirgizistandarrak dira berez, eta kirgizistandar guztiak ez dira kirgizak. Hau da, kirgizistandar hitza Kirgizistango herritartasunari dagokio, eta kirgiz hitza, berriz, etniari.
Etnien izena mailegatzeko orduan, Akademiak kontuan hartu du tradizioa eta entziklopedien, eskola liburuen eta komunikabideen erabilera. Eta nazioarteko joerak ere aztertu ditu. Aldagai horiek guztiak kontuan izanik ondu dituzte irizpideak eta zerrendak. Azterketa horretatik ondorioztatu da noiz den egokia grafia egokitzea eta noiz komeni den nazioarteko grafiari eusteaArauaren bigarren atalean, etnia-zerrendak daude, euskaraz, eta, ohi bezala, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere ematen dira. Guztira, 177 etnia sartu ditu Euskaltzaindiak zerrendan. Kontinenteka sailkatuta aurkezten dira lehenik; ondoren, etnia guztiak zerrenda bakarrean ematen dira alfabetoaren hurrenkeran ordenaturik. Azkenik, erdarak-euskara zerrendak ageri dira: gaztelania-euskara, frantsesa-euskara eta ingelesa-euskara.
Bestalde, Euskaltzaindiak argitu duenez, 1999an paxtuera hizkuntza-izena arautu zen. Orain, etnia-izena paxtun arautu da, eta, horrenbestez, hizkuntza-izena ez da gehiago paxtuera izango, paxtunera baizik.