Lutxo Egia: “Sarriren unibertso aberatsa transmititu nahi dugu fikzioaren bidez”

Egilea: Ainhoa Lores Aranda (Ortzadar)

Joseba Sarrionandiaren lanetan oinarritutako lehen film luzea dugu Gure oroitzapenak, datorren udazkenean estreinatuko dute, baina trailerra aurkeztu dute jada Adabaki Ekoizpenak etxeko kideek.

Lana hamabi zinemagilek sortutako piezez osatuta dago: Oskar Alegria (Iruñea), Özcan Alper (Turkiako armeniarra), Asier Altuna (Bergara), Mireia Gabilondo (Bergara), Eugène Green (Paris, Frantzia), Itziar Leemans (Donibane Lohizune), Josu Martinez (Bilbo), Fermin Muguruza (Irun), Ane Muñoz (Hondarribia), Maider Oleaga (Bilbo), Carlos Quintela (Habana, Kuba) eta Maialen Sarasua (Orio).

 

Lutxo Egia Adabakiko kidea

Lutxo Egia Adabakiko kideak joan den apirilean filmari buruzko xehetasunak eman zituen Ortzadar gehigarrirako:

Joseba Sarrionandiaren iruditeri literarioan oinarritutako lehen film luzea da Gure oroitzapenak. Nondik dator ideia?

Ideia Kubatik dator. Sarriren laguna den Matxitxak eman zion forma eta ekarri zuen hona. Matxitxa kulturan eta, bereziki, musikan ezaguna da luzaro hainbat musikariren eta talderen managerra izan baitzen. Hark ekarri zuen ideia Euskal Herrira, zinemagile batzuekin bildu zen eta proposatu zien, Sarriren unibertso literarioa abiapuntu, film luze bat egiteko. Jakina, inork ekoitzi behar zuen eta Adabaki ekoiztetxean hartu genuen filma aurrera aterako eginkizuna.

Nolakoa izango da pelikula bera?

Abiapuntuko irudia indartsua da: Joseba Sarrionandia urte askoan irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da guretzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Orduan, Sarri iruditan agertzea du helburu filmak eta Sarri iruditan jartzeko gure modua, hamabi zinemagilek haren poemak edo ipuinak zinemara ekartzea da. Poema eta ipuin horien interpretazio aski zabalak izango dira, baina idazlearen mundua islatuko dute.

Zer ikusi ahal izango dugu?

Mundu hori. Sarriren literaturak batzen duen mundu zabala, aski ezaguna egingo zaiguna. Beraz, filmean zenbait elementu azalduko dira ezinbestean: itsasoa, haurtzaroa, deserrotzea, besterria, gerra, maitasuna, noraeza, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura, eta abar. Ez mundu horretako denak, baina bai asko.

Zer transmititu nahi duzue?

Hamabi pieza izan arren, filmak batasun edo unitate moduan funtzionatuko du. Orduan, idazlearen obrak, urteak joan urteak etorri, eraiki duen unibertso aberatsa transmititu nahi dugu fikzioaren bidez. Gure ustez oso zinematografikoa da. Filma ikustean, jendeak unibertsoa ezagutu eta identifikatu beharko luke.

Nola aukeratu dituzue zuzendariak?

Aukeraketa ez da izan hamabi horiexek bai ala bai egon behar zirelako. Beste batzuk ere izan zitezkeen. Nortzuk diren baino gehiago, baloratu beharra dago nola heltzen ari zaizkion Sarriren mundu literarioari, zer nolako gogoa eta inplikazioa erakusten ari diren proiektu honetan.

Zer nolako harremana daukate Sarrionandiarekin?

Denetarik dago. Egia da batzuek idazlea ezagutzen dutena. Orduan, hor bada harreman pertsonal bat. Beste batzuek haren obra maite dute. Estimu handian dute eta hortik abiatu dira. Azkenean, hurbiltasun bat ageri da. Eta hurbiltasun hori handitzen joan da proiektuan murgildu ahala.

Nolakoak dira zuzendarien pieza hauek?

Lehenengo aletu ditut agertuko diren gai batzuk. Baina beste batzuk ere badaude. Aniztasun handia izango da gaiei dagokienez. Estilistikoki ere aldeak egongo dira, logikoa denez. Baina aldeak gorabehera, Sarriren mundua osatuko zaigu. Piezak barik, filma ikusten dugu guk.

Proiektu ezohikoa dela diozue. Zergatik?

Hasteko, ederra da proiektua nola sortzen den. Kubatik bertatik baina ez Sarrionandiarengandik. Matxitxak jende ugari ilusionatu eta erakarri zuen. Angel Valdés Elkar diskoetxeko arduraduna ere izan da ezinbesteko bultzagilea hasieratik. Proiektua konplexua da eta aurrekontu txikia du, baina Sarriren obra fikzio batean biltzeko gogoa eta desioa nagusitzen dira eta, hartara, proiektua bideragarri bilakatu. Badaude, noski, beste elementu batzuk: hamabi errodaje, hamabi talde, idatzitako adierazpen poetikoa pantailara eramatea…

Sarrionandiak hasieratik proiektuaren berri izan zuela diozue. Zelan hartu zuen?

Hala da. Hasieratik egon da jakinaren gainean. Eta pozik hartu. Baina alde batean gelditu da. Guk geuk, ekoizle gisa, eta zuzendariek askatasun osoa izan dugu une orotan.

Filmean toki eta sasoi ezberdinak ezagutuko ditugula diozue. Zeintzuk eta zergatik?

Askatasun horren baitan, zuzendariak nahi izan duten moduan hurbildu dira Sarriren obrara. Eta oso modu ezberdinetan egin dute. Batzuek poema bana aukeratu dute; baten batek, gainera, bat baino gehiago; beste batzuek, ipuinak edo nobela baten zati bat. Eta poemetan edo ipuinetan ez bazegoen toki zehatz bana, toki edo atmosfera jakin bana asmatu diete. Orduan, Euskal Herrian barna ez ezik, Frantzian, Kuban edo Kurdistanen ere ibiliko gara, kasu. Baina hobe lar ez aurreratzea.

Euskal Herriko zein atzerriko zinemagileen lanak izanda, zein hizkuntzatan entzun ahal izango ditugu hamabi piezak?

Euskaraz batez ere, egile gehienak euskaldunak baitira. Baina beste hizkuntza batzuk ere izango dira, hala nola espainola, kurduera, frantsesa edo portugesa.

Trailerra hemen: https://vimeo.com/288339123

Zabaldu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude