Ghislaine Veranok ‘Gorputzaren soinuak’ erakusketa aurkeztu du Iruñeko Ziudadelan

Soinu-sorkuntza esperimentalaren eta bideo-dantzaren proiektu hau urtarrilaren 8ra arte bisitatu ahal izango da Ziudadelako Labean.

Gorputzaren soinuak da Iruñeko Ziudadelako Labean urtarrilaren 8ra arte ikusgai egonen den proposamenaren izena. Ghislaine Veranoren sorkuntza da eta gorputzak sortzen dituen soinuak ardatz dituen ikus-entzunezko instalazio bat barne hartzen du, zeina proposamen performatibo baten bidez aktibatzen baita. Meditazio-behaketa egiteko gune bat sortzen da, bideo-dantza eta soinu sorkuntza esperimentala barne hartzen dituena.

Instalazioa Labean dagoen bitartean, gainera, aktibazio performatikoak egingo direla iragarri du antolakuntzak.

Urtarrilaren 8ra arte bisitatu ahal izango den sorkuntza hau Ghislaine Veranok urteetan zehar garatu duen zaintzaren eta errespetuaren inguruko proiektu baten ondorioa da, “anplifikatu eta xehetasunez betetzen den mundu bati bide ematen dioten behaketa sakona eta arreta geldia lantzeko beharra sentitu baitut”.

Antolakuntzak azaldu duenez, “zentzumenetan jarri du behaketaren ardatza, eta kasu honetan, entzumenean, zentzu zabalago batean hartuta, jakinik soinuek eragina dutela hor daudela ez dakigunean ere. Zaintzarako eta isilunerako gunea da, eta horiek ez dira beti erosoak”.

Instalazio performatiboan gorputzak modu automatikoan egiten dituen bost soinu aukeratu dira. “Horietako bat automatikoa da eta kontrola daiteke, eta beste bat ez dute pertsona orok entzuten. Soinu-mailan, Gorputzaren soinuak instalazioan, beste mundu bat eta bi mikrokosmosen arteko harremana –giza gorputza eta hiri gorputza– sortzen duten egiazko soinuen anplifikazio bat erakusten da. Funtzionamendu ia berdinarekin, antzekoak bezain desberdinak diren soinuak sortzen dira, eta oso erraz erlazionatzen ahal direnak”.
Maila fisikoan, soinuen anplifikatze horrekin gorputzari zer gertatzen zaion aurkitzea izan da ikerketaren ardatza. Horretarako, ikasi gabeko mugimenduak eta formula koreografikoak bilatu dira, dantzariengandik gorputz estereotipatu hori erauzi eta zerbait benetakoagoa eskaini nahian.

Zabaldu: