(argazkia: Gari Garaialde)

(argazkia: Gari Garaialde)

Maialen Lujanbio da 2022ko txapelduna

Hirugarren aldiz irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bigarren Amets Arzallus izan da. Atzetik sailkatu dira Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi, hurrenez hurren.

Euskal Herriko txoko guztietako bertsozaleak bildu ziren atzo Iruñeko Nafarroa Arenan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, “13.300 ikuslek gogoz berotu zuteb aretoa goizean goizetik, eta bertsolarien lana txaloz eskertzen jardun zuten egun osoan zehar”.

Goizeko 9:00etan ireki ziren aretoko ateak eta 11:00etarako bete-betea Nafarroa Arena. Aritz Bidegain Airek eman zuen ongietorria eta, berak deituta, jendartetik oholtzarainoko bidea egin zuten zortzi protagonistek, Ion Zaldua Brit gai-jartzailearen atzetik, zozketak erabakitako ordenan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Nerea Ibarzabal Salegi, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Alaia Martin Etxebeste, Maialen Lujanbio Zugasti, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Beñat Gaztelumendi Arandia.

Epaile lanetan atzokoan Ainhoa Sarasua Laskarai, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Beltza Bengoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkoz aritu ziren.

Goizeko saioaren ostean, eguerdiko atseden tartea hartu zuten bertan bildutakoek. Nafarroako Unibertsitate Publikora joan ziren batzuk jangelara, eta etxetik jana ekarri zutenak Sadar futbol zelaian izan zuten bazkaltzeko aukera.

Arratsaldeko saioarako, berriz, 16:00etan zabaldu ziren ateak berriro eta ordu betean goizeko itxura bera hartu zuen Nafarroa Arenak. Berriro oholtzara igo ziren zortzi protagonistak, Alaitz Rekondo Ferrero gai-jartzailearen gidaritzapean. Hurrenkera honetan egin zuten bertsotan: Alaia Martin Etxebeste, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maialen Lujanbio Zugasti, Beñat Gaztelumendi Arandia, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol eta Aitor Mendiluze Gonzalez.

Zortzi bertsolarietatik Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio sailkatu ziren buruz burukora, eta azken saioak osatu zituzten. Azkenik, sailkapenaren berri eman zuen Idoia Anzorandia Kareagak: Maialen Lujanbio da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Hernaniarraren hirugarren txapela da atzo jantzi zuena (2009, 2017, 2022).

Txapelduna jakin eta berehala, sari emaileak hurbildu ziren oholtzara: Irantzu Idoate, Sagrario Aleman, Edurne Azkarate eta Paulu Zedda. Sari emaileek bertsolaritza ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ordezkatzen dute, baita bertsolaritzak munduan zehar kantu inprobisatuaren eremuan utzi duen lorratza ere. Lagun horiek banatu zituzten sariak: Jose Luis Zumetaren, Dora Salazarren, Carmelo Ortiz de Elgearen, Marta Cardenasen, Mariano Arsuagaren eta Olatz Irigarairen artelanak eskuratu zituzten zortzigarrenetik hirugarrenerako sailkatuek. Txapeldunordeak Iker Valleren eskultura jaso zuen.

Azkenik, txapeldunaren txanda. Bertsozale Elkartearen izenean, Gontzal Agote Los Santosek eman zion Mikel Lertxundi eskultorearen artelana. Eta azkenik, Iñaki Murua Jauregik jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko sailkapena:

-Maialen Lujanbio: 2240 puntu

-Amets Arzallus: 2166 puntu

-Aitor Mendiluze: 1507 puntu

-Sustrai Colina: 1495 puntu

-Alaia Martin: 1493,5 puntu

-Beñat Gaztelumendi: 1443,5 puntu

-Nerea Ibarzabal: 1435,5 puntu

-Joanes Illarregi: 1421,5 puntu

Zabaldu: