Skakeitan taldeak otsailaren 11n emango dio amaiera bere ibilbideari Astigarragako Oialumen

Taldekideek egun berezia izatea nahi dute, bidelagun izan diren hainbat artistarekin batera, “gure ibilbideari buelta bat emango dion ezohiko errepertorioa eramango dugu agertokira”, adierazi dute.

Hilabeteak dira Skakeitan taldeak Zuekin Azkena izeneko bira iragarri zuenetik eta ordutik gelditu gabe aritu dira taldekideak. Orain, berriz, azken kontzertua iragartzera datoz: otsailaren 11n, Astigarragako Oialumen.
Taldeak adierazi duenez, azken txanpa hunkigarria izan da, “emozioz eta sentimenduz betea. Era berezi batean helarazi diguzue guganako maitasuna, eta ez dakizue nola asetu gaituzuen”.
2008an Letaman Gaztetxean emandako kontzertutik gaur iragarri duten kontzertura arte 15 urteko ibilbidea gelditzen zaie donostiarrei, “gure bizitza erdia, bizitza erdia bigarren kuadrilla bat izaten, elkar maitatzen, liskartxoetatik eta nahasmenetatik ikasten, elkar errespetatzen”, adierazi dute. Gaurkoan baina, urte guzti hauetan bizi izandakoari eman diezaioketen itxiera ederrena emateko kartela iragarri dute. “Skakeitaneko kideok beti egin nahi izan duguna emanez, topera emango dugun festa handi bat. Baina batez ere zuekin lagunok, zuek gabe ezinezkoa litzatekeelako urte guzti hauetan aurrera egitea. Hasieratik bultzada eman zenigutenon arnasa eta gaur arte jarraitu gaituzuenon indarrarengatik”.Azken kontzertu hau, “Donostialdeko eta Buruntzaldeko hainbat belaunaldirentzat, eta baita gutako askorentzat ere, aski ezaguna den eta dantzarako topaleku izan den Oialume Biltokian izango da”.

Taldearen hasierako asmoa kontzertua Donostian antolatzea bazen ere, ezinezkoa izan zaie toki egoki bat topatzea. Gainera, aitortu dutenez, ez dute borondaterik ikusi erakundeen partetik duintasunez zerbait antolatzeko erraztasunak jartzeko. Beraz, “aurretik eskerrak eman nahi dizkiogu gugan hasieratik konfiantza eta prestutasuna azaldu duen Oialume biltokiari. Bestalde, gure desioa ere adierazi nahi dugu Donostiako Udalak kulturari eskaintzen dion eredua guztiz aldatzeko eta benetan marka handiek babestutako jaialdietatik haratago bertako taldeak babestu eta bultzatuko dituen egitasmoak antolatzeko”.

Skakeitanekoek egun berezia izatea nahi dute otsailaren 11koa, “bidelagun izan diren hainbat artistarekin batera, gure ibilbideari buelta bat emango dion ezohiko errepertorioa eramango dugu agertokira sorpresekin eta abarrekoekin. Hortaz, ez da kontzertu soil bat izango!”.

 

Zabaldu: