2021eko Bertso Eguna (argazkia: Bertsozale Elkartea)

2021eko Bertso Eguna (argazkia: Bertsozale Elkartea)

Azpeitian egingo den Bertso Egunerako sarrerak salgai jarri dituzte

Urtarrilaren 28an egingo den jaialdi honetan bertso bazkariak izango dira herriko hainbat elkartetan eta afaria ere bai gaueko saioaren aurretik. Txartel guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte eskuragai.

 Bertsozale Elkartea urteko bertso hitzordurako prestatzen hasia da. Gaur jarri dituzte salgai Bertso Eguneko bazkarietarako eta afari eta afalosteko saiorako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian.

Elkarteak azaroan iragarri zuen bezala, Azpeitian izango da 2023ko Bertso Eguna, urtarrilaren 28an. “Egun osoko plana ari gara antolatzen: 11:30ean elkartu eta kalez kaleko poteoa egingo da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dira zenbait elkartetan: Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdineko bertso saioa eskainiko da horietako bakoitzean: libreko saioak, gaiekin osatutakoa edota bertso saio musikatua. Arratsaldean poteoa izango da, eta 21:00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan”.

Bertsolariei dagokioenez, sei izango dira aldi berean elkarte banatan. Esan bezala, elkarte bakoitzean mota ezberdineko saioa eskainiko da. Tartean, hiru libreko saio izango dira: batean, Jone Uria eta Sustrai Colina ariko dira; bestean, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Bertso saio musikatu bat ere izango da, eta han ariko dira Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura izango dute Gari Otamendik eta Ixak Arrutik. Ematen zaizkien gaiei erantzunez ariko dira, berriz, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo seigarren bertso bazkarian. Azken bi saiootan ariko dira gai jartzen Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarro.

Elikagunean afarian eta afalostean ere izango da bertso saiorik. Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio ariko dira librean; gaiak jarrita, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi. Gai jartzaile gisa ariko dira Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix.

Zabaldu: