Nobedadeekin dator aurtengo haurrei zuzendutako Ikusi eta Ikasi programa

Urtero egin izan duten moduan, programak Ikusi eta Ikasi familian eskainiko du, 4 eta 8 urte arteko umeak dituzten familientzat, eta Lagun Artean, 8 eta 10 urte arteko umeentzat. Aurtengoan, baina eskaintza 0 eta 3 urte arteko haurtxoengana ere iritsiko da, Ikusi eta Ikasi Altzoan atalarekin.

Ikusi eta Ikasi programa Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalarekin elkarlanean antolatzen du, eta 0 eta 10 urte bitarteko haur eta gaztetxoei euskaraz, dibertsiorako aukerak eskaintzea du helburu, “euskarazko aisialdi hezigarria sustatuz”, azaldu dute.

Guztira 53 proposamen jasotzen dira aurtengo egitarauan, diziplina askotarikoak, tailer eta ikuskizun formatuetan eta denak euskara hutsean. Ekimena hiru ataletan banatu dute, parte-hartzaileen adinaren arabera: Ikusi eta Ikasi familian, 4 eta 8 urte arteko umeak dituzten familientzat, Lagun artean, 8 eta 10 urte arteko umeentzat eta Ikasi Altzoan 0 eta 3 urte arteko haurtxoentzat. Azken atal hau da Bilboko programak eskainiko duen berrikuntza nagusiena. Azaldu dutenez, adin tarte horretako haurtxoek beren familiekin euskaraz gozatzea da helburua, dantza eta jolasaren bitartez. “Tailerrek aintzat hartzen dituzte haurren adinaren ezaugarriak eta gaitasunak, eta helburu dute euskararekiko harreman afektiboa lantzea eta euskara bizipen positiboekin lotzea, txiki-txikitatik”.

Programa otsailean hasi eta maiatzera arte luzatuko da hiriko 15 udaltegi eta aretotan.

Gainera, Ikusi eta Ikasik, Makusi maskotaren eskutik, lineako bost tailer eskainiko ditu aurten. Urtarrilaren 16tik aurrera egongo dira eskuragarri, www.ikusietaikasi.eus webgunean.

Lantegi presentzialetan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik. Horretarako, www.ikusietaikasi.eus webgunean dagoen inprimakia bete behar da.

Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 16tik 31ra bitartean, eta tokiak zozketa bidez esleituko dira.

 

Zabaldu: