Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 15. edizioa abiatu du Elkar Fundazioak

Irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzea du helburu lehiaketak. Lanak aurkezteko epea apirilaren 20ra arte egongo da zabalik.

Beste urte batez, Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren edizio berri bat abiatu du Elkar Fundazioak, irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Horretarako hiru modalitate antolatu dira, haur eta gazteen adinaren arabera: Ipuina ilustratu, Ilustrazioa ipuin bilakatu eta Komikia edo bineta sortu.

Hala, Esti Vivacok idatzitako Nora joan da Nora? ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek (Haur Hezkuntza 4tik Lehen Hezkuntza 4ra). Koxkorragoek (Lehen Hezkuntza 5etik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2ra), berriz, Alex Orbek sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina. Azkenik, DBH 3 eta DBH 4 mailetako gazteek bi aukera izango dituzte: Alex Orbek hasitako komikiari jarraipena ematea edota beronen gaia mantenduz (txango bat) komikia hasieratik sortzea.

Epaimahaiak lanen originaltasuna, kalitatea eta emandako ipuin, ilustrazio edo gaiaren esentzia jasotzea baloratuko ditu. Epaimahaia haur eta gazte literaturan aditu diren lagunek osatuko dute.

Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira hamabosgarren edizioan ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen aldizkarirako urtebeteko hiru harpidetza zozketatuko dira. Horretaz gain, jasotako ilustrazio guztien artean zozketa egingo dugu eta irabazleak sari sorpresa bat jasoko du.

Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 20ra arte izango da. Oinarriak, hemen.

Zabaldu: