(argaz,kia: Durangoko Udala)

Durangoko San Agustin Kulturguneak 25 urte beteko ditu aurten eta ezustekoz beteriko egitaraua antolatu du

Besteak beste, Ane Gabarain, Iñaki Salvador, Jose Sacristan, Aitziber Garmendia edota Charo Lopez aktoreen antzezlanak izango dira ikusgai Bizkaiko antzokian.

1998. urtean ireki zituen ateak Durangoko San Agustin Kulturguneak eta mende laurdena ospatzeko ekitaldi berezi bat antolatu zuten pasa den ostiralean. Bertan, datozen hilabeteetarako prestatu duten programazio berezia aurkeztu zuten. Dantza, antzerki eta umore dosi handiarekin, bertako konpainia egoiliarrak San Agustinek hurrengo hilabeteetan hartuko dituen ikuskizunak aletzen joan ziren galan zehar.

Ohiko programaziotik harago, Jose Sacristan, Charo Lopez, Aitziber Garmendia, Rafael Alvarez El Brujo eta Vanessa Goikoetxea izango dira, besteak beste, hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko. “Egoera normal batean ez formatu teknikoagatik ezta aurrekontuagatik San Agustinen lekurik izango ez luketen hamar obra ekarriko ditugu. Orain, urteurren honen harira, hemen izango ditugu, gure etxeetatik pauso batera”, adierazi du aretoko arduradun Arantza Arrazolak.

Programazio berezi horretan, alde batetik, Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Iñaki Salvador edota Ander Lipus bezalako aurpegi ezagunak ikusi ahal izango dira.

Eta, bestalde, Durangora Estatu espainiarreko antzerki lan handiak iritsiko dira. Horregatik, urtean zehar, egitarau eta garai bakoitzean ikuskizun bereziez gozatu ahal izango da.

Aretoko programazioan Man Up ikuskizunaz gozatu ahal izango da, Teatro In Vilo konpainiak Centro Dramatico Nacional delakoarekin batera ekoitzitako ikuskizuna. Bestalde, Jose Sacristan aktoreak Señora de rojo con fondo gris ikuskizuna aurkeztuko du. Adolfo Fernandez aktorea ere etorriko da Durangora, El Nadador de aguas abiertas antzezlanarekin. Horiez gain, Rafael Alvarez ‘El Brujo’ Comico ikuskizunarekin etorriko da, eta Vanessa Goikoetxea soprano durangarra ere izango da San Agustinen, 25. urteurren honetarako kontzertu esklusibo batean.

“Kulturaren topagune eder honetatik 1.000 konpainia profesional eta 175.000 ikusle baino gehiago igaro gara hemendik urte guzti hauetan. Zifra distiratsu horien atzean istorio asko daude, hemen gozatu ahal izan ditugunak adina. Eta, azken finean, horixe da San Agustinen helburua: arte eszenikoen eta kulturaren balioen bidez istorioak transmititzeko topagunea izatea. Hori eta maitasuna, maitasun handia,” adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Aurrez aipatutakoez gain, Aste Santuan ospatuko den Tontolapiko Egunean nazioarteko kale antzerki konpainiarik ezagunetarikoa den Los Galindos konpainia ere izango da.

Uda Giro programari hasiera emateko, Noxtralamus taldeak aireko akrobazia erakustaldi ikusgarria eskainiko du soka ahulean. Azkenik, Musika Hamabostaldian Sant Andreu Jazz Band talde handia izango da taula gainean.

Ikuskizun horiekin batera, San Agustin Kulturgunearen lehen seihilekoan ikuskizun handiak izango dira: Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Itziar Atienzaren Bizarrak 2.0, Ados Teatroaren Muchos amigos negros, K Produkzioak taldearen El Nadador de Aguas Abiertas edota Igor Elortza bertsolari durangarraren eta Rafa Rueda musikari mungiarraren Anonyme Popular bertso-musika ikuskizuna.

Zabaldu: