(argazkia: Irekia)

Artxibo Historikoak Cristobal Balenciagaren 8.000 marrazki eta dokumentu baino gehiago eskuratu ditu

Balenciaga enpresako zuzendari artistiko gisa lan egin zuen Lorenzo Riva diseinatzaile italiarraren bilduma pribatu bat da.

Balenciagak eta bere taldeak 1940 eta 60ko hamarkaden artean sortutako dokumentuak eta marrazkiak jaso ditu Euskadiko Artxibo Historikoak. Aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eta Getariako Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vivesek hartu dute parte.

Funtsak 8.362 dokumentu ditu guztira, gehienak 13x21cm-koak eta egoera onean daudenak. Horien artean daude bildumako lan-bozetoak, aurkezpenetarako bozetoak, data eta leku zehatzak adierazten dituztenak, antzerkirako figurinak, kapelagintzari eta osagarriei buruzko bozetoak, lan-aginduak eta eskuz idatzitako hainbat dokumentu eta beste marrazki eta dokumentu pertsonal batzuk.

Zehaztu dutenez, bozeto bat bera ere ez dago egiletza norena den zehazteko moduan sinatuta, baina egindako azterketen arabera, bildumaren % 18an Cristobal Balenciagak eskuz egindako oharrak eta marrazkiak aurki daitezke; horiek, kasuen % 60an, atelierreko bozetoetan agertzen dira. Gainerakoak oraindik identifikatu gabe dauden figuringile eta kolaboratzaile batzuek eginak dira.

Artxibo hori da horrelako tamaina eta garrantzia duen ezagutzen den bakarra. Munduko beste museo bakar batek ere ez du gordetzen mota horretako Balenciagaren dokumentu-funts espezifikorik, eta gaur egungo Balenciaga enpresak bakarrik du funts handiagoa, baina publikoak oro har ezin du bertako artxiboetan sartu.

Bai Zupiria eta bai Vivesek bildumaren balio dokumental eta ondarezkoa nabarmendu dute. Sailburuak azpimarratu duenez, “erosketa horrek Euskadiko dokumentu-ondarea aberasten du. Dokumentu-funts honek Getariako jostunaren lan egiteko modua eta joskintza-tailerretako lan-prozesua ulertzen lagunduko digu, XX. mendearen erdialdeko gizartearen zati baten testigantza izateaz gain”.

Vivesen iritziz bozeto-bilduma “hau bultzada handia da Museoaren funts dokumentalentzat. Erosketa honekin, Cristobal Balenciaga Museoari lotutako dokumentu-ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartzen da”.

Gainera, Zupiriak gogorarazi duen bezala, “esku publikoetan egongo den mota honetako Balenciagaren lehen bilduma izango da. Gainerakoak esku pribatuetan daude, zehazki, Balenciaga Paris markaren esku; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultura-ondarea osatzeko”. Vivesek ere honako hau azpimarratu nahi izan du: “ekarpen horietatik ere ikerketa-ildo garrantzitsuak ireki daitezke eta, beraz, ezagutza berriak eskura daitezke Balenciagaren sormen-prozesuari buruz”.

Zirriborroak Euskadiko Artxibo Historikoan daude jada. Artxiboak, besteak beste, denboran zehar euskaldunek modu kolektiboan edo banaka sortutako era guztietako dokumentuak jasotzeko eginkizuna du. Gainera, haren ardura da dokumentazioa biltzea, antolatzea eta kontserbatzea, errazago kontsultatu ahal izateko. Aurrerago, artxibo dokumental hau Getariako Museora pasatuko da.

Zabaldu: