(argazkia: Gasteizko Udala)

Topa! Abian da Gasteizen, sormena eta kudeaketa kulturalen inguruko ekimenak bultzatzeko egitasmoa

Arrakala Koop., Kalakalab, Parasite Kolektiboa, Pez Limbo eta Teklak taldeek sortu dute ekimena, artea, kultura eta sormena oinarritzat hartuta.

Topa!, sormen garaikidearen, publikoekin egindako lanaren eta kudeaketa kulturalaren inguruko ekimenak garatzeko xedearekin sortutako lankidetza-proiektua, aurkeztu dute. Arrakala Koop., Kalakalab, Parasite Kolektiboa, Pez Limbo eta Teklak taldeek sortu dute ekimena, artea, kultura eta sormena oinarritzat hartuta, beren jarduera profesionala Gasteiztik garatzen duten bost erakundek.

Ekimenaren egoitza nagusia Baratza aretoa izango da, baina bultzatutako ekintza batzuk hiriko beste gune batzuetan antolatuko dituztela adierazi dute. “Gasteizko Udalak hainbat proiektutan egin dugu lan Topa! ekimena sustatu duten kolektiboekin, eta abentura berri honetan sartzea erabaki dugu hurrengo hilabete eta urteetan garatu ahal izateko”, adierazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

Topa! ekimeneko sustatzaileetako bik, Irene Intxaustik eta Hannah Frances Whelan-ek, ekimeneko erakunde sustatzaileetako ordezkariek, xehetasun gehiago eskaini dituzte. Oinarrietako bat izango da sorkuntza garaikidea eta, horrekin lotuta, adierazpen artistiko ezberdinak bateratuko dituzten ekimenak sustatuko dituzte, sormen arloko esperimentaziorako laborategia sortuko dute, hazten ari diren artistei edota artista gazteei bidea erraztuko diete, eta barne eta kanpo mailan sormen-prozesuetan laguntza emango dute.

Publikoekin egindako lana ere Topa! ekimena bultzatu duten pertsonen helburuetako bat izango da. Horretarako, ahaleginak Baratza areto inguruko publikoekin harremanak sortzera eta sendotzera eta proiektuan eta espazioan publikoen zirkulazioa erraztera eta haien artean komunikazio-zubiak sortzera bideratuko dituzte.

Azkenik, esperientziatik abiatuta, ezagutza sortuko dute eta audientzia kulturalekin lotuta erreferentziazko proiektu bihurtuko da.

Topa! ekimenaren beste helburu bat izango da kalitatezko kudeaketa kulturala garatzea, Baratza aretoa topaketarako gune bizia, abegitsua eta erabilera anitzekoa izan dadin. Horretarako, elkarlanarekin esperimentatzeko laborategia sortuko da, beste egitura kultural batzuei laguntza emanez haien proiektuak garatzeko eta jarduera sektore gisa kulturaren garapena bultzatzeko.

Zabaldu: