Plentziako Itsas Estazioak (PiE-EHU) eta EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondoak antolatzen duten lehiaketak Itsaspeko fauna eta flora izan ditu gai nagusi.
Patxi Juaristi Azkuek, 37 urteko azpeitiarrak, irabazi du Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren III. edizioa. Juaristik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Industrialeko ikasketak egin zituen Donostian eta Bilbon, eta hamar urtez aritu da lanean. Pasa den urteko udaberrian, Ilustrazio Zientifiko berezko masterraren berri izan zuen eta lanean eszedentzia eskatu eta gero, irailean hasi zen graduondokoaren ikasketekin.
Aurtengoan, Plentziako Itsas Estazioak (PiE-EHU) eta EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondoak antolatzen duten lehiaketak Itsaspeko fauna eta flora izan ditu gai nagusi.
Marrazkiari dagokienez Juaristik ilustrazio zientifiko klasikotik pixka bat aldendu eta erabat bukatu gabeko marrazki bat aurkeztea erabaki duela adierazi du, honelako marrazki bat egiteko dagoen lana biluzteko asmoz. “Hala, erabat bukaturik dauden parteak, koloreztaturikoak nolabait, gouache teknika bidez sortu ditut. Bestalde, grafitoa erabili dut gorpua marrazteko, irudia burutzeko lehenik garatu behar den bozetoa azalduz. Irudi nagusiaz gain, beheko arrain multzoa profil irudia gauzatzeko eginiko bozetoz osatua dago. Ondoren edizio digitalaz baliatu naiz konposizioa osatu eta fondoa koloreztatzeko. Hau da, teknika mixtoa erabili dut bukaerako irudia osatzeko”.