Abonuak eta sarrerak gaurtik aurrera daude salgai www.fundacionvital.eus webgunean, Kordoi Etxean eta leihatilan emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik aurrera.
Euskal Zinemaren Astea otsailaren 20tik 25era bitartean egingo dute Gasteizen. 39. edizio honek euskal zinemagintzako profesionalek egin edo ekoitzitako lan onenak bilduko ditu beste behin ere egitarau oparo batean. Publikoak sei film luze eta bost labur ikusteko aukera izango du, eta ondoren solasaldi bat egingo da protagonistekin. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Gasteiz) eta abonamenduak (15 €) eta sarrerak (4 €) gaurtik aurrera jarri dituzte salgai www.fundacionvital.eus webgunean eta Vital Fundazioaren egoitzan (Aiztogile kalea 24, Kordoi Etxea).
Euskal Zinemaren hogeita hemeretzigarren Astea gaur aurkeztu dute Txus Ruano antolakuntza arduradunak (Vital Fundazioa) eta Kepa Sojo jaialdiaren koordinatzaileak. Sonia Estevez eta Alberto Gastesi zinema zuzendariak ere lagun izan dituzte.
Vital Fundazioak euskal profesionalek aurreko urtean egindako edo ekoitzitako lan zinematografiko onenak ekartzen ditu urtero Gasteizera. Edizio honetan Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarraren Cinco lobitos lana nabarmendu nahi izan dute, Goya sarietarako hamaika izendapen izan baititu eta hiru irabazi zituen larunbateko ekitaldian. Antolatzaileek ere La consagración de la primavera filma eta Paul Urkijoren Irati gogoratu nahi izan dituzte.
Ruanok azpimarratu duenez, “Fundazioaren Euskal Zinemaren Astean mantendu dugun ezaugarri bat jaialdi parte-hartzailea izatea da; izan ere, publikoak epaimahai-lana ere egiten du, eta emanaldi bakoitzaren ondoren bere botoa ematen du lan onenak aukeratzeko”. Emaitzak amaierako ekitaldian jakinaraziko dira. Bertan, film luze onenaren eta film labur onenaren sariak emango dira, eta Gutako bat saria emango zaio Arabako zinemako profesional garrantzitsu bati.
Egitaraua
Astelehenean, hilak 20, irekiera ekitaldia izango da eta ondoren, Imanol Ortizen N-666 beldurrezko film laburra eta Mikel Gurearen Suro proiektatuko dira.
Asteartean, hilak 21, Los días que (nunca) fueron eta La Consagración de la primavera lanen txanda izango da.
Alauda Ruiz de Azuaren Cinco Lobitos asteazkeneko protagonista nagusia izango da.
Txotxongiloa hitzordua irekiko duen film laburra da. Sonia Estevez du zuzendari eta gela batean itxita, lurrean etzanda eta geldirik dagoen emakumezko txotxongilo baten istorioa da. Hainbat esperientziaren ondoren, pixkanaka sokak gorputzari atxikituko zaizkio, eta haren mugimenduak gero eta arinagoak izango dira.
Osteguneko hitzordua Erroak film laburraren eskutik hasiko da. Ondoren, Alberto Gastesi zuzendariaren Gelditasuna Ekaitzean filma proiektatuko da.
Tula eta El Vasco ostiralean, hilaren 24an, eskainiko dira.
39. edizio hau larunbatean amaituko da, hilak 25, Itxiera ekitaldi eta sari banaketaren eskutik. Paul Urkijok zuzendutako Irati filma aukeratu da horretarako.