Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu sari honek.
Xabier Amurizak jasoko du 2023ko Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria. Halaxe jakinarazi dute Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak egindako prentsaurrekoan.
2021. urtean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021.urteko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen egitasmoa.
Esnaolak azaldu duenez, “saria erabakitzeko unean, kontuan izaten dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola Bergararekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edota batasunaren balioa.
Artolaren arabera, Amurizaren ibilbideak bat egiten du Monzonek eta Ganuzak izan zituzten baloreekin. Izan ere. “Amurizak bizi osoko ekarpen oparoa egin dio Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari”.
Alkatearen esanetan, bertsolariak berritasun handia ekarri zion bertsogintzari 1980ko hamarkadan, eta “seguru aski ezinezkoa da egungo bertsolaritza modernoa ulertzea bere ekarpena kontuan izan gabe. Bai hizkera arloan, bai bere irudi eta metafora-mundu poetikoaren erabileran eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak, (ordu artekoak ez bezalakoak) iraultza suposatu zuten bertsolaritzan. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: neurri eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso bestelakoak”.
Bestalde, bertso eskoletan eragindako iraultza ere nabarmendu nahi izan dute, “helduentzako bertso eskoletako lehen ikasmateriala apailatu zuen Amurizak: Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua. Hamaika hitzaldiekin helduen bertso eskolak sortarazi eta eman zituen. «Bertsotan aritzeko jaio egin behar da ustea irauli zuen», ikas zitekeela demostratuta geratu baitzen, etorkizuneko bertsolari belaunaldien segida ziurtatua geldituz. Bertsogintzari dagokionez, euskara batua ekarri zuen Txapelketa Nagusira”.
Euskal kulturari egindako ekarpenaz gain, urte latzetan herri honekiko azaldutako konpromisoa ere goraipatu dute. “Gogor apaizen mugimenduaren bultzatzaile izan zen frankismoan eta Derioko eta Bilboko apezpiku etxean egindako entzierroetan egon zen. Horren ondorioz zazpi urte egin zituen preso Zamoran eta Basaurin, hiru espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgoa”.
Politika arloan ere urte luzez azaldu zuen herriarekiko konpromisoa eta Zornotzako udalean zinegotzi, Bizkaiko Batzar Orokorretako batzarkide eta Gasteizko legebiltzarreko legebiltzarkide izan zen Herri Batasunaren izenean, 80. hamarkadan. 1982 urtean berriro atxilotu zuten Bizkaiko Juntetxean, Espainiako Erregearen etorrera zela eta, Herri Batasunako beste ordezkariekin Eusko Gudariak abesteagatik.
Gainera., Egin egunkarian Telefono Gorria zutabea idazten zuen. Itzulpengintza arloan klasikoak itzultzeaz gain, ETBko Dragoi Bola haurrentzako telesaila itzuli zuen. Hainbat eleberri, narrazio, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu eta bereak dira euskal kantugintzako hainbat abesti eta kopla ezagun, hala nola Euskal Herrian Euskaraz, Mendian gora haritza edo Furra furra. Manuel Lekuona eta Lauaxeta Sariak jaso ditu azken urteotan.
Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion. Bigarrena, berriz, Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri.
Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria
Emango zaion sariari buruz Esnaolak esan du, saria sinbolikoa dela, eta Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzearekin batera, euskal artista berriak sustatzea ere bultzatzen da. Belaunaldien arteko zubi lana ere eraikiz.
Saria egingo duen artista egin zen deialdiari erantzun zioten artisten artean aukeratuko du horretarako osatutako aditu talde batek: Karlos Galarraga Bergarako Beart arte elkarteko kidea, Jesus Mari Lazkano margolaria eta Mikel Lertxundi arte historialaria eta komisarioa. Egilea nor izango den martxoaren 1ean jakinaraziko da. Sari-emate ekitaldia, berriz, martxoaren 16an egingo da Bergarako Seminarixoan, 18:30ean.