Ostiralean abiatuko du Plateruena Kultur Aterpeak bere ibilbide berria, ‘Piztu Argiak!’ ekitaldiarekin

Bertan, Anari, Ødei eta Durangaldeko hainbat artista izango dira. Durangoko 19 eragile zein norbanakok osatuko dute proiektuaren gidaritza izango duen Kultur Mahaia.

2020. urtearen amaieran Plateruena kudeatzen zuen kooperatibak berau desegitea erabaki ondoren, eta azken hilabeteetan gogoeta zein zehaztapen prozesu batzuen ostean, ostiral honetan, martxoak 3, Plateruena Kultur Aterpeak bere ibilbide berriari ekingo dio. Piztu Argiak! izeneko ekitaldiarekin.

Arratsaldeko 20:00etan hasiko da ekitaldia eta Durango zein Euskal Herriko artisten emanaldiez gozatu ahal izango da. Leire Vargas idazle eta bertsolari durangarrak gidatuko duen saioan, besteak beste, Anari Alberdi musikari azkoitiarrak Peru Magdalena idazle durangarrarekin egingo duen kolaborazioaz edota Ødei Barroso Urruñako rap abeslariaren eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarraren arteko kolaborazioaz gozatu ahal izango da. Horietaz gain, Durangoko Mockers musika taldeak, Garazi Abraldes dantzariak edota Durangoko Bertso Eskolako zein Bartolome Ertzilla Musika Eskolako ikasleek parte hartuko dute.

Piztu, Poztu, Puztu hiru printzipioen gainean egingo du lan Plateruena Kultur Aterpeak. Proiektu berri honen gidaritza komunitarioa izateko, Durangoko elkarte, eragile eta norbanakoak Kultur Mahaia izeneko plataformara gehitzeko saio ezberdinak antolatu dira azken asteetan. Besteak beste, Gerediaga Elkarteak, AEK-k, Jaizale Txistulari Elkarteak, Berbarok, Euskal Herrian Euskarazek (EHE), Durangaldeko Berbalagunek edota kulturgintzan interesa daukaten durangar ezberdinek osatuko dute aipatutako Kultur Mahaia.

Kultur Mahaiaren helburua Plateruena Kultur Aterpearen helburuak, lan lerroak eta ideiak lantzeko bilgunea bihurtzea izango da. Durangoko zein Euskal Herriko kulturgintzarako aterpe izango den proiektua eraiki nahi dugu, eta hor Durangoko eragileen beharra izango dugu”, adierazi du Maider Larrañaga Plateruenako koordinatzaile berriak.

Kudeaketa publikoa eta komunitarioa

Aurreko kudeatzaileek Plateruena ixtea erabaki ostean, eraikina Durangoko Udalarena izatera igaro zen, eta urte bukaeran Udalak Plateruenaren kudeaketa bere gain hartuko zuela iragarri zuen, kudeaketa eredu publikoaren alde eginez eta berau enpresa pribatuen eskuetan ez uztea erabakiz. “Plateruenaren itxierak hutsune handi bat utzi zigun euskaltzale eta kulturzaleoi, beraz, argi geneukan Durangoko Udalaren erantzuna maila berean egon behar zela”, aipatu zuten 2022 bukaeran Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziek.

Zentzu horretan, Plateruena berriak hiru printzipio edo oinarriren gainean lan egingo zuela adierazi zuten Abanzabalegik eta Lakuntzak: “Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea”.

Plateruenak bete beharko dituen funtzioen inguruan, 2021ean abiatutako partehartze prozesuan bost funtzio nagusi zehaztu ziren: sorkuntza, harrobia, topagunea, esperimentazio gunea eta erakusleihoa. Azken asteetako tailerretan, berriz, horien garapena nondik joan behar den hausnartu da. Guztira, ia 70 pertsona eta eragilek parte hartu dute. “Durangok eta Euskal Herriak Plateruena indartsu bat merezi dugu, herriko elkarte eta eragileei zein Euskal Herriko zein nazioarteko sortzaileei aterpe emango diena. Lan nekeza daukagu aurretik, eta apustua handia da ere, baina iparrorratza norabide egokian daukagu. Eraikin honi behinola izandako distira itzuli nahi diogu”, gaineratu du Larrañagak.

Helburu hori lortzeko lehen urratsa ostiral honetan izango da, Piztu Argiak! ekitaldiaz gain, hurrengo hilabeteetarako programazioa aurkeztuko baita.

(Bideoa: Durangoko Udala)

Zabaldu: