Musikari irundarrak haurrentzako sortutako seigarrena lana da honakoa. Kantuen hitzak Leire Bilbao idazlearenak dira eta ahotsetan Nieves Arilla du lagun Muguruzak. Donostiako Mamusic estudioan grabatu du diskoa, Mikel Azpiroz, Jean Marie Ecay eta Karlos Aranceguirekin batera.
Jabier Muguruza musikari eta konpositore irundarrak haurrei zuzendutako Txitxarroa eta atuna izeneko diskoa kaleratu berri du, Leire Bilbao idazle ondarrutarraren hitzekin ondutako abestiez osatua. Grabaketa iaz egin zuen, Donostiako Mamusik estudioan Mikel Azpiroz (Rhodes pianoa), Jean Marie Ecay (gitarra elektrikoak) eta Karlos Arancegui (perkusioak) musikariekin batera.
Ahotsei dagokienez, Javier Muguruza eta Nieves Arillarenak dira, gainera, irundarra akordeoia jotzen ere aritu zen grabaketan. Koruak Ametsa Unanue eta Albert Setien haurrek egin dituzte eta Azpirozek berak grabatu, nahastu eta masterizatu du diskoa. Azkenik, diseinua eta ilustrazioak, ohi bezala, Pedro Balmasedak egin ditu.Muguruzaren ibilbide artistikoa, bai literaturan baita musikan ere, umeentzako lanetatik abiatu zen.
Haur-musikan, konkretuki, Ja, ja izeneko diskoa izan zen lehena (IZ 1.989), Euskal Herriko umeen artean oihartzun handia izan zuen obra. Harrez geroztik, gehienbat kantautore gisa aritu bada ere, behin ere ez dio utzi tarteka umeentzat lan egiteari.
2015ean, Mara-mara diskoak zigilua sortu zuen irundarrak, haurrentzako obrak argitaratzeko asmoz, Muguruzaren doinuekin eta poeta desberdinen hitzekin. Urte hartan bertan Nire gorputza izeneko diskoa kaleratu zuen, Juan Kruz Igerabideren hainbat poematan oinarrituz.
2016an, berriz, Harriaren hiztegia grabatu zuen, Bernardo Atxagak proiekturako propio idatzitako testuekin. Handik lau urtera, 2020an, Oker (txakurra da) kaleratu zuen eta lanak Iñaki Irazuren hitzak eta Jabierren doinuak biltzen zituen.
Ordurako haur musikan erabat murgilduta, 2021ean, Dodoa izeneko lana kaleratu zuen Muguruzak, Iñigo Astiz poetaren hitzetan oinarrituta.