(argazkia: Lekuek festibala)

Udaberriarekin batera, bueltan da Gernikako Lekuek festibala

Martxoaren 17an, ostirala, abiatu eta hilaren 25era arte luzatuko da.

Udaberriaren etorrerarekin batera, bueltan da beste urte batez Gernikako Lekuek jaialdia. Martxoaren 17an, ostirala, abiatu eta hilaren 25era arte luzatuko da “bere txikitasunean haundia den festibal hau”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Aurreko edizioetan bezala, hamargarrenean ere Gernikako hainbat lekutan izango dira jarduerak. Gainera, hamargarren edizioa izanik, “benetako ospakizuna”, izango dela iragarri du antolakuntzak. “Zuzeneko 30 talde baino gehiagorentzako erakusleiho eta ekitaldiz beterik egongo den astea” izango dela adierazi dute.

Ostiralean, Kiko Venenok emango dio hasiera festibalari Lizeo Antzokian, 20:30ean. Kontzertu horretarako sarrerak agortuta daude jada, baina Merkurio iturrira hurbilduz gero, txupinazoaz eta Segundo Olaeta banda sinfonikoaz gozatzeko aukera ere egongo da. “Gorputza mugitzeko gogoa dutenentzat, ostera, Caminitoko terraza izango da leku aproposena, festibal giroa berotzeko, salsa klasea eskainiko baita arratsaldeko 19:00etan”.

Gauean, lehenengo pintxada Legoien izango da, Welder DJ-ren eskutik 21:00etan eta Irrintzin jarraituko du parrandak Las notas del retumbe DJ saioarekin.

Larunbatean, eguerditik aurrera, musikak Gernikako kaleak, tabernak eta jatetxeak beteko ditu berriz ere. Boliña el viejo inguruko kaleetan emango zaio hasiera maratoi honi jai giroan Swingtxaku Klandestinoarekin 12:30ean. Arratsaldean, berriz, Arrien eta Sasoie tabernen bidegurutzean Urdaibai Kantagunekoak arituko dira 18:00etan. Garryren kontzertua ere izango da Musutruk kafe antzokian 19:00etan eta Ziraun gernikarrak beraien lehen diskoa aurkeztuko dute La bocan.

20:30etatik aurrera, Metal Fabrikakoen eskutik, Astran, Bullets of Misery, Rise to Fall eta Wormed taldeen zuzenekoen txanda izango da.

Los Sara Fontan bikoteak, bestalde, bere bibolin eta bateriaz osatutako musika aske eta dibertigarria Iparragirreko agertokira eramango du. Jarraian, Mohama Sazen ekialdeko psikodelia libertarioaz gozatzeko aukera egongo da 21:00etan. Gauari amaiera emateko, ohi bezala, Zeppelinen txanda izango da, bertan Stepi Selektah DJa arituko da.

Igande goizean umeentzako Trakamatraka emanaldia izango da 11:00etan eta Disko eta Arte Azokaz disfrutatzeko aukera egongo da 12:00etan. Jarraian, Joseba Irazokiren kontzertua izango da Merkurion, eta Pasilekun HVUC (Ha venido un ciego) entzuteko aukera egongo da 14:00etan. Ondoren, Aterpen Amann and The Wayward Sons ariko da eta Arnau & the Honky Tonk Losers Alai tabernan.

Kult Parnason, Jazz con Papada zuzeneko irratsaio gastronomusikalaren saio berezia izango da, eta egunari merezitako amaiera emateko, Eskilarapeko Jazz Band eta Jam Sessionaz gozatzeko aukera egongo da.

Astelehenean ere programazioak ez du etenik izango, eta Hemen eta orain diskoaren aurkezpena izango dugu Astran, DDT Banaketak kolektibo kultural bilbotarraren eskutik.

Asteartean, Zineklub taldeak Lizeo Antzokian Los Xey, una historia de película zinema emanaldia eskainiko du 20:00, eta, asteazkenean, hitzaldia eta musika entzunaldia izango dugu Iparragirren 20:00etan, Bidehutsen eskutik, “autogestio eta sormen libreaz jabetzeko eta ikasteko aukera ezin hobea izango da honakoa”, adierazi dute.

Ostegunean, hilak 23, Zineklub taldeak Un día Lobo Lopez Kiko Venenoren ibilbidean oinarritutako dokumentala eskainiko du 20:00etan. Iparragirreko blues gauari esker, jai giroa epeltzen joango da, Vulcanizadas deitzen den emakumeez osoturiko talde berriak eta Gonzalo Portugalek eskainiko duten kontzertuekin 20:30ean.

Jaialdiaren bigarren asteburua energiaz hartuko dutela diote antolatzaileek eta ostiralean, Kolpeka eta Sta. Cruz taldeek emango diote hasiera egitarauari arratsaldeko 19:00etan. Astran, berriz, reggae misa izango da Arratians eta Dennis Alcaponeren eskutik 21:30ean; Irrintzin, bere aldetik, DJ-ak izango dira eta Zeppelinen DJ Murtzia ariko da.

Martxoaren 25 izango da jaialdiaren azken eguna eta Kska Kolektiboak DJ saio bat prestatu du Arranon, 13:00etan eta Aterpen Agur eta Arresi taldeak oholtzara igoko dira arratsaldeko 18:00etan.

Astrak musika zerrenda luzea prestatu du azken egun honetarako, Euskal Herriko soinu berriez disfrutatzeko: Nakar, Benizze, Olaia Inziarte eta Dupla DJ set & Tzerriz izango dira bertan. Iparragirren, berriz, Mocker’s durangarren rock progresiboa eta Lady Banana power-bikote gazte bezain sendoa izango dira festibalari amaiera emango diotenak.

Zabaldu: