Martxoaren 25eko arratsalde-gauean bertsolaritza, antzerkia, musika eta dantza emanaldiak izango dira La Terminaleko hainbat espaziotan.
Iazkoa izan zuen Loraldia Terminalak aurreneko edizioa eta abiatutako esperientzia horri jarraipena emateko, Bilboko jaialdiak aurten ere sortzaile gazteen sormenari eskainiko dio egun osoko programazioa, martxoaren 25ean, La Terminal espazioan, Deustuko irlan.
Antolatzaileen esanetan, “ekintzak bata bestearen atzetik eskainiko dira, La Terminaleko espazio ezberdinetan. Arratsaldean zehar, antzerkia, musika, tradizionala eta garaikidea, eta bertsolaritza uztartuko dira. Proposamen berritzaile hauek kultur-industria honen lau espaziotan taularatuko dira. Balore berriak deskubritzeko aukera paregabea izango da. Terminal honetatik gaurko sormen berria aireratzeko prest egongo da”.
Orotara bost jarduera antolatu dira:
ErrE. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna izango da lehena. “Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko”, azaldu dute. Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu piezak, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.
Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere izango dute lekua. “Genero-ikuspegia ardatz hartuta, LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma aztertuko dira, beste dualismo batzuekin batera.
Noiz ez da inor galdu? Ikuskizuna izango da bigarrena. Antolatzaileek adierazi dutenez, “dantza garaikidea patinetan ez da ikusi ohi dugun sormen-lana. Arte esparru berrietan esploratzeko asmoarekin roller dance delakoa edo dantza patinetako koreografia txiki hau aurkeztu nahi dugu”. Enara Gonzalezek kanta bat sortu eta zuzenean joko du eta Jon Estefane eta Naroa Ruiz Monge patinetan arituko dira Natalia Mongeren zuzendaritzapean. Koreografia honek badu istorio bat kontatzeko gogoa. Hiru gazte hauek horrela definitzen dute: “Galduta nauenean betiko lekura noa, bakardadera. Beldur naiz besteei kontatzeko. Egia esan, ez dakit ezta nondik hasi ere. Neure buruan aurkitu baino besteengandik maitasuna itxaroten dut.
Zer garrantzitsua den gure buruari gauza politak esatea eta indarra ematea! Baina, ez da horren erraza. Nor ez da galdu inoiz galderetan, jakin gabe erantzuna barruan dagoela?”
Habia taldearena dugu hirugarren ikuskizuna, Nafarroa Behereko hiru musikariz osaturiko taldeak herri kantak eta musika klasikoa uztartzen ditu. Berez 2019an sortu zen taldea, Animalia izeneko ikuskizunaren sorkuntza inguruan. Kristof Hiriart da zuzendari artistikoa eta honek hiru soka-jole eta kantarientzat piezak hautatu zituen. Lehen diskoa plazaratu dute jada.
Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak plazaratzen dituztela diote Loraldiako ordezkariek. “Amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala, sentitzen gara Habiaren musika entzutean. Hiru musikariek momentu goxo bat proposatzen digute, indartsua eta maltzurkeriaz josia”.
Formol Laborategiaren Album antzezlana ikusteko aukera ere egongo da Bilbon. Lantaldeak dionez, “asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso dugu Formol Laborategian”. Ondorengo hitzekin definituak izan dira: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. “Ados, sintomatologia guzti hori gure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Nor gara gu? Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat”. Formol Laborategiaren lehen Albuma da.
Amaitzeko Silitia taldearen kontzertua. Berri Txarrak, Belako eta El Columpio Asesino taldeak bezalaxe, Silitia Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazleak izan dira 2022an. Silitia bi artistez osaturiko proiektua da. Ibai Silicato lekeitiarra eta Xabier Barrutia bilbotarra etengabeko hedapen artistikoan daude. Hasieratik esperimentazio izan dute bidelagun eta sortzen duten musika etiketatik at kokatzen dela diote. Euren hitzetan “punky-funky-elektro-euskal-rock musika” egiten dute. “Melodia argiak, bateria robotikoak eta 80ko hamarkadako baxuak gogorarazten dituen musika”, hain zuzen ere.
Eragin eklektikoetatik abiatuta, euren abesti batzuetan hit diskotekeroak, beste batzuetan post-punk baladak eta beste batzuetan pop fina entzun daitezke. Zuzenean, ia bikote komiko bat gisa aurkezten dute euren burua, proposamen ausartak plazaratuz.