Julen Apella izan zen iazko lehiaketaren irabazlea (argazkia: Donostia Kultura)

Julen Apellaren ‘Postal bat desertuan’ lanak irabazi du Donostia Kultura VI. Poesia Lehiaketa

Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren arabera, “ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena”.

Julen Apella idazlearen (Berriz, 1998) ‘Postal bat desertuan’ lanak irabazi du idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura VI. Poesia Lehiaketa.

Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa ari da lanean, eta literaturaren esparruan Postal bat desertuan da argitaratu duen lehen lana.

Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren arabera, “ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak”.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa izango da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat jaso du irabazleak opari gisa eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa argitaratuko du. Gainera, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.

Donostia Kultura Poesia Lehiaketa

Donostia Kulturak euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuen lehiaketa Balea Zuria argitaletxearekin batera.

Zabaldu: