'Black is Beltza II: Ainhoa'

Euskal Herriko 16 ekoizpen Nantesko zinemaldian

Hamar film luze, film labur bat eta 2022ko Kimuak bildumako bost lan. Bost ekoizpen, gainera, lehiaketan egongo dira. Horrez gain, euskal film batek itxiko du 32. edizioa.

Nantesko zinemaldiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetakoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

Guztira, 16 izango dira aurtengo edizioan, martxoaren 23tik apirilaren 2ra bitartean, ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenak: hamar film luze, film labur bat eta 2022ko Kimuak bildumako bost lan. Bost ekoizpen, gainera, lehiaketan egongo dira. Horrez gain, euskal film batek itxiko du 32. edizioa.

Mikel Gurreak zuzendutako Suro (2022) euskal ekoizpena Fikziozko Film Onenaren Sailean lehiatuko da, aurtengo Goya Sarietan bi izendapen jaso eta gero. Gurreak ibilbidea egina du aurretik Nantesko jaialdian, 31. edizioan bere Heltzear lana Film Laburren Sailean lehiatu baitzen. Oraingoan, landa eremuan kokatutako drama honekin, artelatz basoen artean bizitza berri bat hastea erabakitzen duen bikote baten maitasuna tentsioan nola jartzen duen ikusiko dute jaialdira bertaratutakoek.

Bestalde, Fikziozko Film Onenaren Sailean eta lehiaketatik kanpo, Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa (2022) animaziozko filma ikusi ahal izango da.

Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (2022), berriz, Dokumental Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko da. Elorzaren lehenengo film luze honek emakumea islatzen du, oraina iraganarekin lotuz eta oso modu arinean gai sakonetan barneratuz.

Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Cinco lobitos (2022) opera prima Premiers Film Saria eskuratzeko lehiatuko da. Zaintzaren inguruko film honetan, Amaiaren historia kontatzen da, ama izan berri den emakumearena.

Iciar Bollainen Maixabel (2021) filmak Fenêtre Basque ataleko partaidetza errepikatuko du aurten ere. Nantesko Zinemaldiko aurreko edizioan Fikziozko Fiilm Onenaren Saria eta Publikoaren Saria irabazi zituen Maixabel Lasaren bizipenetan oinarrituta dagoen filma. Aurten, Compétition Scolaires (Eskola Lehiaketa) sailean lehiatuko da.

Fenêtre Basque-ko film luzeen sorta osatuko dute Ana Diezen A quien cierra los ojos (2022) ikuslegoa hezkuntzaz hausnartzeko Mexikora eramaten duen filmak; Imanol Uriberen Llegaron de noche (2022) 80ko hamarkadan kokatuta dagoen askapenaren teologiaren aurkako errepresioaren narrazioak; Jabi Elortegiren El vasco (2022) komediak; Iratxe Fresnedaren Tetúan (2022) dokumental intimistak; eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza (2018) animaziozko lanek.

Halaber, jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean Esti Urresolaren Cuerdas (2021) lana egongo da. Urresolaren film laburra iazko Kimuak-en aukeratutako film laburrak Forque Sarietan Film Labur Onenaren Saria irabazi zuen eta 2023ko Goya sarietan izendapen bat izan du, besteak beste.

Fenêtre Basque-ren baitan, aurreko edizioetan bezala, Kimuak 2022 bildumako beste lanetako batzuk ere ikusi ahal izango dira: Fe (Maider Fernandez, 2022), Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia, 2022), Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola, 2022), Irrits (Maider Oleaga, 2022) eta Lanbroa (Aitzol Saratxaga, 2022).

Gainera, jaialdiaren itxiera ekitaldirako, Aritz Moreno zinemagilearen Ventajas de viajar en tren (2019) filma hautatu dute edizioari amaiera emateko.

Aipatutako euskal produkzioez gain, Euskal emakume zinemagileak liburua aurkeztuko da jaialdiaren programazioaren baitan. Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatutako eta Euskadiko Filmategiak editatutako lana da. Liburuak hamahiru testu biltzen ditu, lau zatitan banatuta.

Euskal zinemaren ordezkaritza zabala

Euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat gonbidatu gerturatuko dira Nantesera: Ana Diez, Imanol Uribe, Jabi Elortegi, Iratxe Fresneda, Aritz Moreno, Fermin Muguruza, Maria Elorza, Mikel Gurrea eta Ramon Barea.

Horrez gain, nabarmentzekoa da Ana Diez zinemagilea Dokumental Onenaren Sariaren epaimahaikidea izango dela eta Felipe Cabrerizo zinema idazle eta historialaria Fikziozko Film Onenaren Saileko epaimahaiko kide izango dela.

Zabaldu: