Loraldiak 9. edizioaren balorazio oso positiboa egin du

Festibalak 4.207 ikusle baino gehiago bildu ditu 17 egunez eskainitako 25 jardueretan eta 14 gune ezberdinetan. Aurtengo edizioan 150 artista baino gehiagok hartu dute parte Loraldian eta, beste behin ere, une paregabe eta errepikaezinak eskaini dituztela nabarmendu du antolakuntzak.

Loraldia Elkarteak aurtengo edizioaren balorazioa egin du. Antolatzaileen esanetan, “bederatzigarren edizioaren aldarrikapena kultura mailua dela erakustea zen eta mailukada ederrak jaso eta eman ditugu. Balorazio positiboa egiten dugu arlo guztietan”.

Ekinaldien kalitate artistiko maila handia azpimarratu nahi izan dute. Kultur erreferente handiak izan dituzte edizio honetan eta une gogoangarriak bizi izan dituztela azpimarratu dute. Horiekin batera, sortzaile gazte eta hasi berriak, kalitate handiko proposamenekin, interesgarriak eta ekarpen handikoak.

Hiru astez, Bilbo euskaraz sortutako kultur adierazpenen erakusleiho handia bilakatu da. 14 gune ezberdinetan 150 artista baino gehiago izan dira Loraldian.

“Loraldia sendotu da eta erreferente bilakatu da. Gizartea Loraldiaren zain dago eta festibalak ekarriko duenaren zain. Ikuslegoaren erantzuna aparta izan da eta zenbait ekintzetarako sarrerak iragarri orduko agortu egin dira. Aurtengo edizioak 4207 lagun bildu ditu burututako 25 ekintza horietan, aretoen %77a betez”.

Aurtengo kultur eragile erreferenteak aipatu dituzte: Gabriel Aresti, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Benito Lertxundi, Ines Osinaga, Kukai, Castillo Suarez… eta sortzaile gazteen harrobiaren indarra. “Loraldia batean bizi gara: ErrE, Formol, Habia, Silitia,…”

Elkarteko kideek arabera, “zalantzarik gabe, euskarazko kultur sortzaileen belaunaldi berriak bide eta ikuspuntu berri bat egiteko eta erakusteko nahia dakar berarekin”.

Zabaldu: