Bizkaidatz sariaren XV. Edizioan parte hartzeko deialdia zabalik da

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Jabi Elortza eta Begoña Elorrieta idazleek proposaturiko istorioen hasierei jarraikortasuna eman beharko diote. Kontakizunek gutxienez 12 eta gehienez 15 orrialdeko luzera izan beharko dute eta martxoaren 29tik irailaren 8ra bitartean aurkeztu beharko dira.

Bizkaitarren literatura-sorkuntza bultzatu eta sustatzeko asmoz jaio zen Bizkaidatz Literatura Saria duela hamabost urte. Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek bi idazlek proposaturiko istorioen hasierei jarraikortasuna eman beharko diote eta aukeratu diren hastapen horietara eta bertako pertsonaia eta egoeretara egokitu beharko dira.

Aurtengo edizioan, Jabi Elortza idazlearen Marlon izeneko euskarazko istorioaren hasiera proposatu da, eta, Begoña Elorrieta idazlearen Alud izeneko istorioaren hasiera. Parte-hartzaile bakoitza euskarazko zein gaztelaniazko kontakizunetara aurkeztu ahal izango da.

Kontakizunek, gutxienez 12 eta gehienez 15 orrialdeko luzera izan beharko dute eta martxoaren 29tik irailaren 8ra bitartean aurkeztu beharko dira, eskuz zein posta elektroniko bidez, Laguntza erregistrorako eta herritarren arretarako bulegoan (Diputazio kalea 7, 48008 Bilbo). Era berean, eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bitartez ere aurkeztu ahal izango dira (www.ebizkaia.eus).

Bizkaidatz Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengo aldiz 2008an antolatu zuen ekimen bat da. Hamabost urte hauetan zehar 606 kontakizun aurkeztu dira eta 30 idazlek aurkeztu dituzte beren proposamenak. Honako hauek dira: Miren Agur Meabe (Carnicería Manolo Harategia, 2008), Nerea Riesco (El sauce de Valentín Díaz, 2008), Unai Elorriaga (Prokofiev Plana, 2009), Maria Eugenia Salaverri (Madame, 2009), Irati Jimenez (Hirugarren bat, 2010), Oscar Alonso (Las familias postizas, 2010), Katixa Agirre (Uxiaren tesia, 2011/12), Alex Oviedo (La Diosa, 2011/12), Goizalde Landabaso (Memoriaren mutazioa, 2012/13), Juan Carlos Marquez (Donde ya sólo hay mar, 2012/13), Yurre Ugarte (Ordezko kazetaria, 2013/14), Esther Zorrozua (Dos anémonas azules, 2013/14), Ana Urkiza (Argazki kamera, 2014/15), Ivan Repila (Delito al azar, 2014/15), Aixa de la Cruz (Stan, 2015/16), Jasone Osoro (Laranja Zukua, 2015/16), Alejandro Fernandez Aldasoro (Un merluzo de anzuelo, 2016/17), Karmele Jaio (Zaunkak, 2016/17), Bernardo Atxaga (Istripua, 2017/18), Itziar Minguez (Escape, 2017/18), Sonia Gonzalez (Karma, 2019), Pedro Ugarte (El propietario de las naranjas, 2019), Idoia Barrondo (Ikigai, 2020), Juan Infante (El misterio del testamento ológrafo, 2020), Alaine Agirre (Zutunik eta makurtuta, 2021), Mikel Santiago (Una sorpresa de ocho patas, 2021), Gotzone Butron (Nire Sarajevo, 2022) eta Mikel Alvira (Los imperfectos, 2022); aipaturiko Jabi Elortzaz eta Begoña Elorrietaz gain.

Zabaldu: