(argazkia: EHU)

Diskoen karatulak objektu artistiko gisa

Mikel Bilbao Salsidua EHUko irakasleak Eresbil artxiborako egindako azterlanean, Euskal Herriko ehunka diskoren azalak berreskuratu ditu, horien egile diren artista eta diseinatzaile grafikoen lanak aldarrikatzeko asmoz.

Mikel Bilbao Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasleak uste zuen zor bat kitatzeko zegoela binilo diskoen eta CD-en karatulekin, eta ezinbestekotzat jo zuen horrelako lanen egileen sormen eta talentua aldarrikatzea. Horregatik, Eresbil Musikaren euskal artxiboak Artearen eta diseinu grafikoaren artean. Disko-karatulak azterlana egitea eskatu zionean, berehala onartu zuen erronka, eta inolako zalantzarik gabe, ehunka karatulen ikerketa eta analisi historiko-artistikoan murgildu zen. Ondoren, Eresbilek webgune tematiko bilakatu du ikerketaren emaitza. Lanean jasotako pieza guztiak historiaren parte dira, eta horien iturburu izan ziren produktu musikalen edukiari lotuta daude ezinbestean.

Egungo ikuspegitik aztertuta, arraroa ematen duen arren, musika industriaren lehen hamarkadetan, eduki musikala biltzeko euskarri baino ez ziren diskoak eta paper lodiz egindako zorroetan saltzen ziren, azalik gabe. Horrekin lotuta, Bilbaok dionez, Alex Steinweiss diseinatzaileak egin zuen binilo disko baten lehen karatula, 1940an. Columbia Records diskoetxeak Smash Song Hits diskoa argitaratu zuen eta salmentak masiboak izan ziren; horrek mugarria markatu zuen diskoetxeek beren produktuak sustatzeko erabiltzen dituzten teknikei zegokienez. “Punta-puntako apeu bisuala izan zen. Irudiei esker, karatularen iruditeria hark desira-objektu bilakatu zuen diskoa eta ordura arte kontsumitzaileek euskarri harekin izandako harremana aldarazi zuen”, azaldu du Bilbaok.

Eresbilek proiektu bat abiatu zuen, 60ko hamarkadatik gaur egunera arte argitaratu diren 4.000 disko-karatulatik gora formatu digitalean gordetzeko. Merkaturatu ziren unetik bertatik, lan musikalekin lotu izan dira artelan horiek guztiak, “musikaren eta arte plastikoen arteko elkarreraginaren” isla argi bilakatuta. Bilduma zabal horretatik, Bilbaok hainbat ale aukeratu zituen diseinuaren kalitate zalantzazkoa, originaltasuna edo sortzailearen adierazgarritasuna irizpide hartuta. Hala, proiektu osoaren helburu nagusia izan da sortzaileen lana aldarrikatzea eta horrelako piezek izan duten bilakaeraren garrantzia azpimarratzea, Euskal Herriko kultura bisual eta artistikoaren parte adierazgarria baitira.

Karatulen diseinuaren egileei dagokienez, esan daiteke bi profil profesional uztartu direla: “Batzuk artistak izan dira, era puntualean karatularen baten diseinua egin dutenak. Besteak grafistak, sorkuntza aplikatuak egiten diharduten profesionalak, hau da, disko, liburu eta abarren azalak diseinatzen dituztenak. Adibidez, ez dut uste Nestor Basterretxea edo Jose Luis Zumeta diseinatzaile grafikotzat jo ditzakegunik, zentzurik zorrotzenean. Haien ekoizpenaren zati bat baino ez da karatulena, baina artistak izan ziren funtsean”, azaldu du EHUko irakasleak. Gaur egun, eredu dual honek bere horretan jarraitzen du; batzuetan, artista batengana jotzen da era puntualean karatula bat egin dezan, baina, oro har, diseinu grafikoarekin lotura duten profesionalak arduratzen dira lan horretaz.

Bilbaok Artearen eta diseinu grafikoaren artean kapituluan azaltzen duenez, artearen nahiz diseinuaren munduan izan diren korronteek eragin nabarmena izan dute diskoen azaletan. “Azalak abiapuntu hartuta, sakon azter daitezke diseinu grafikoaren historia eta haren korronte ezberdinak, baita musika ekoizpenari lotutako arte adierazpenen forma eta teknikak ere, hala nola ilustrazioa, argazkilaritza…”. Gainera, musika errealitate ezberdinen isla ere badira karatulak.

Ikerlanean aipatzen diren izenen artean azpimarratzekoak dira hainbat artista ezagun: Basterretxea eta Zumetaz gain, han ziren Juan Luis Goenaga, Rafael Ruiz Balerdi eta Vicente Ameztoy, baita EHUko Arte Ederren Fakultateko zenbait irakasle ere. Horiek bezain garrantzitsuak dira emakumezko artista eta diseinatzaileen izenak, maiz ahaztuak: Rosa Valverde, Laura Esteve, Estibaliz Sadaba, Dora Salazar, Itziar Barrio, Susana Rico, Mel Mardaraz edo Eider Corral.

Ikerlanean 600 bat karatula aipatzen dira. Lanean aztertu diren azalen bidez ilustratutako disko guztiek ez zuten lortu arrakasta eta ospea; hau da, bilduman ez dira lan arrakastatsuak soilik jaso, sorkuntza edo diseinu grafikoaren aldetik adierazgarrienak izan ziren lanak jaso nahi izan baitira. Bilbaoren hitzetan, “sarritan, bat etorri izan dira mugarri musikala eta kalitate grafikoa, baina, ikerlan honetan, aitortza merezi duten lanak berreskuratu eta ezagutarazi nahi izan ditugu, batez ere, emakumeenak, zeinak, zoritxarrez, askoz ere ezezagunagoak izan baitira”.

Gaur egungo diskoen azalak

Gaur egun argitaratzen diren diskoen azalei buruz galdetuta Bilbaok dio erantzun zaila duela. “Musika kontsumitzeko dugun modua eta, ondorioz, musika industriaren errealitatea nabarmen aldatu dira azken hamarkadetan. Izan ere, urteak dira musika zuzenean deskargatu eta erraz ekoitzi eta merkaturatu daitekeela, euskarri finko batean argitaratu beharrik izan gabe. Hori dela eta, karatulen presentzia txikituz joan da. Hala ere, existitzen dira deskarga digitalak eta bildumazaleentzako edizioak, edo desagertutzat jotzen genituen hainbat euskarri, biniloa kasu. Hortaz, denetarik dagoela esan dezakegu. Nik neuk, tarteka musika deskargatu egiten dudan arren, bereziki gustuko dut euskarri fisikoa eta, zaharkitua dirudien arren, aukeran, nahiago dut disko fisikoa deskarga digitala baino, edo liburua ebook-a baino”.

Eresbilek azterlanean oinarrituta sortutako webgune tematikoaren esteka, hemen.

 

Zabaldu: