Saioa Alkaizak irabazi zuen 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa (argazkia: Bertsozale)

Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea zabalik da hilaren 16ra arte

Apirilaren 16ra arte egongo da zabalik izen-emateko epea, 2005an edo aurretik jaiotako Nafarroako bertsolarientzat, hau da, 18 urte dauzkatenentzat edo 2023an zehar beteko dituztenentzat. Maiatza eta ekaina bitartean jokatuko da aurre-sailkatze fasea eta txapelketa bera, urritik abendura bitartean izango da.

 Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea zabalik da jada. Apirilaren 16ra arte egongo da izena emateko aukera, eta ondorengo formularioa beteta bideratu beharko da izen ematea.

2005ean edo lehenago jaiotako bertsolariek eman ahal izango dute izena, hau da, 18 urte dauzkatenek edo 2023an zehar beteko dituztenek. Nafarroan jaiotako bertsolariak izan beharko direla zehaztu du Nafarroako Bertsozale elkarteak, edota txapelketa jokatzen den urtean bizilekua Nafarroan dutenak. Gainera, Elkarteko kide izatea ere eskatuko zaiela azpimarratu dute. Horiez gain, bestelako berezitasun eta arau guztiak ongi jasota daude txapelketaren araudian. Parte hartzeak arau horiek onartzea dakarrela nabarmendu dute.

Maiatzean eta ekainean jokatuko dira aurre-sailkatze saioak, azken txapelketan, 2021ekoan, parte hartu ez zuten bertsolariekin, eta araudian jaso bezala, saioak osatzeko beharko balitz, azken txapelketako azken sailkatuekin. Txapelketa bera, urriaren 7an abiatuko da, eta abenduaren 2an bukatu.

46. txapelketa izango da aurtengoa; azkenekoan, 2021ekoan, Saioa Alkaiza bertsolariak jantzi zuen Nafarroako txapelketa.

Zabaldu: