I. Bekaren emaitzarekin batera, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia zabaldu dute gaur. Honetan parte hartzeko urriaren 31ra arte egongo da dokumentazioa bidaltzeko epea zabalik.
AEK-k Korrikaren 22. edizioan aurreratu zuen bezala, datorren urteko edizioak ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren aterkiaren pean eskainiko dena. Horretarako, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka jarri zuen abian eta gaur horren gaineko xehetasun gehiago eman ditu Azpeitian, Dinamoa Sormen Gunean egindako prentsa agerraldian.
Prozesu hau guztia Badon* izeneko lanean gauzatuko dela nabarmendu dute bertan; Ines Osinaga obraren sustatzaileak azaldu duenez, opera garaikide bat izango da. “Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza” dela dio Osinagak, “sinergiak eta diziplinarteko zubiak eraikiko dituena”.
Formatuari dagokionez, musikariaren arabera, “interesatzen zaiguna da opera egitura hackeagarri bezala dela, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat”. Halaber, dramaturgiaz gain, “baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango ditugu Badon* unibertsoa sortzeko”.
Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak, bere aldetik, horrela azaldu du ekimenaren xedea: “Korrikak euskal kulturaren sustapena du helburu; betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz”. Hala, “ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez”.
Badon* opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar azarotik aurrera egongo da ikusgai, 23. Korrika aurkeztu eta gutxira.
Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia, zabalik
Gaurko agerraldian, I. Bekaren emaitzarekin batera, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia zabaldu dute. Honetan parte hartzeko urriaren 31ra arte egongo da dokumentazioa bidaltzeko epea zabalik. “Euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute”, zehaztu dute.
Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.
Informazio gehiagorako: https://www.korrika.eus/eu/korrika-kulturala/beka