Literaturia jaialdian liburu-azoka, aurkezpenak, solasaldiak, ipuin kontaketak eta errezitaldiak izango dira aurten ere. Eten izango da aurtengo gaia.
Aurten ere euskal letren plaza bilakatuko da Zarautz maiatzaren 5etik 7ra bitartean. Literaturia jaialdia bueltan da eta dagoeneko antolatutako jardueren berri eman du antolakuntzak. Liburu-azoka, aurkezpenak, solasaldiak, ipuin kontaketak eta errezitaldiak izango dira bertan. Edizio honetako gaia, berriz, Eten izango da. Literaturia diziplinen arteko topagunea da eta idazle, argitaletxe eta irakurleentzako espazioa eratzea du helburu.
Ostiralean, maiatzak 5, abiatuko da aurtengo edizioa Jon Benitok jaialdirako propio prestatutako manifestuarekin, arratsaldeko 20:00etan, Modelo aretoan. Ondoren, Aner Euzkitze, Oihana Arana, Haizea Arana, Leire Vargas bertsolariek Azken otoruntza ikuskizuna taularatuko dute.
Literaturiak larunbatean izango du jarraipena Lege Zaharren enparantzan. Bertan, azokaren irekiera izango da eta Iruñeko Karrikiri elkarteari omenaldia egingo zaio 12:00etan.
Modelo aretoan, berriz, hiru jarduera izango dira: alde batetik 12:30ean, Erreteneko kronikak mahai ingurua Lanartea Euskararen Profesionalen Elkarteko kideen eskutik. Loreak belaunetan dokumentala proiektatuko dute, eta, ondoren, Amagoia Gurrutxagak, Koldo Izagirrek, Eneritz Artetxek eta Ainara Azpiazu Axpi-k dokumentala abiapuntutzat hartuta mahai inguruan hartuko dute parte.
Arratsaldeko 18:00etan, Mejillon Tigre kolektiboa osatzen duten Ane Garcia eta Eider Perezen txanda helduko da Hitz esana performance poetikoarekin. Azkenik, Kalakan taldeak zuzenekoa eskainiko du.
Horretaz gain, liburu aurkezpenak eta ipuin kontaketa bat izango dira larunbatean.
Igandea izango da azken eguna eta Modelo aretoak bi jarduera hartuko ditu: aurrena, Mare izeneko musika errezitaldia. Jon Martinek gidatuko du emanaldia, eta izen bereko liburuan parte hartu duten Iñigo Martinez, Ana Galarraga eta Udane Ansaz gain, hainbat idazlek eta Zarauzko sei ikaslek eurek egindako poemak irakurriko dituzte, Idoia Asurmendi musikariak lagunduta.
Ondoren, Bihurguneak eta bideak elkarrizketan mahai ingurua antolatu dute. Bertan, Uxue Apaolaza idazleak eta Ines Osinaga musikariak hartuko dute parte Itziar Ugarte idazle eta kazetariaren gidaritzapean.
Ekitaldi guztietarako sarrerak Literaturiaren webgunean jarri dituzte salgai, eta Modelo aretoko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira.