Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ izan da Irakurketa Publikoko Sarean iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua (Argazkia: Kultur Sharea)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan 2.536.461 mailegu egin ziren iaz

eLiburutegian 126.849 mailegu egin ziran 2022an, ia 6.000 erabiltzaile gehiago batu ziren eta aurten, berritasun gisa, audio-liburuak jarri dira eskuragai.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan 2.536.461 mailegu egin ziren iaz: horietatik 2.409.612 maileguak euskarri fisikoan egin ziren, aurreko urtean baino 137.274 gehiago. Are gehiago, liburutegien arteko maileguek ere gora egin dute urte batetik bestera eta 2022an 300.664 mailegu egin ziren liburutegien artean (2021ean 280.714 izan ziren). Gaur egun Irakurketa Publikoko Sareak 935.360 erabiltzaile ditu, 2021ean baino 15.211 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Irakurketa Publikoko Sarea, EAEko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sarearen partaide da Arabako Foru Aldundia eta, batez ere, udal-titulartasuneko liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan udalaz kanpoko titulartasuna duten beste batzuk ere sartzen diren. Gaur egun Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.819.858 ale biltzen ditu. Honako hauek dira Irakurketa Publikoko Sarean 2022an gehien mailegatu diren euskarazko liburuak: Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez), Aitaren Etxea (Karmele Jaio), Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe), Azken etxea (Arantxa Urretabizkaia) eta Karena (Alaine Agirre).

Liburutegi digitala

eLiburutegiari dagokionez, iaz 126.849 mailegu egin zituen, aurreko urtean baino 8623 ale gutxiago, baina 2019ko maileguaren ia bikoitza izan da. Gainera, 5.864 erabiltzaile berri erregistratu ziren eta guztira, gaur egun, 58.860 pertsona daude eLiburutegian izena emanda.

Urtarrilean mailegatu zen liburu gehien, 12.116, eta urteko lehen hilabetea izan zen erabiltzaile berri gehien erregistratu zen hilabetea ere. 2022an honako hauek izan ziren eLiburutegian gehien mailegatu ziren euskarazko liburuak: Miñan (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde), Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez), Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe), Aitaren Etxea (Karmele Jaio) eta Ezekiel (Jasone Osoro)-

Gaur egun 26.217 ale biltzen ditu eLiburutegiak eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera ere eskaintzen du. Aurten, gainera, audio-liburuak ere eskuragarri daude liburutegi digitalean. 100 bat audio-liburu daude erabiltzaileen eskura, horietatik 18 euskaraz eta pixkanaka-pixkanaka kopurua handitzen joango dela nabarmendu dute.

Zabaldu: