Amaia Bonoren 'Belarriprest' lana

Gasteizko Zurrunbilo antzerki jaialdia gazteengana hurbilduko da 8. edizioan

Arte eszeniko garaikideen euskarazko jaialdia maiatzaren 3an ,12an ,13an eta 14an izango da Arabako Campusean eta Baratza aretoan.

Gasteizko Baratza aretoak eta Parasite Kolektiboak Zurrunbilo jaialdiren data aurreratu eta maiatzean antolatuko dute zortzigarren edizioa. Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea du helburu nagusi jaialdiak, horretarako, publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde historiko batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzen saiatu da antolakuntza. Hori guztia diziplinarteko ikuspegi batetik.

Bestalde, zortzigarren edizio honetan, jaialdiaren zeharkako helburua arte eszeniko garaikideak etorkizuneko belaunaldietara hurbiltzea izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Horregatik, “proposamen eszenikoen aukeraketa zaindua egiteaz gain, jaialdiaren zati bat beraiek dauden guneetako batera eramango da”, Gasteizko campusera, hain zuzen.

Hitzordua maiatzaren 3an izango da, Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian, programa bikoitzarekin. Hasteko, 17:30ean, Amaia Bono artistak Belarri prest, nire lehen sortzelan euskaraz proposamena aurkeztuko du. Lanak, euskaldun berrien ikuspuntutik kontatuta, hizkuntzaren eta ikasketa prozesuaren azterketa egiten du: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia. Ondoren, 18:30ean, Arte eszeniko garaikideak Arabako emakume sortzaileen eskutik izeneko mahai-ingurua antolatu dute. Bertan, Marina Suarezek, Edurne Azkaratek, Josune Velez de Mendizabalek eta Amaia Bonok hartuko dute parte eta gazteak antzerkira ez joatearen arrazoiak aztertuko dituzte. “Errealitateak kontatzen digu antzerkian ikusleen ehunekoak behera egin duela eta bataz besteko adinak agerian uzten duela publiko gazteak arte eszenikoekiko duen interes falta. Gure aldetik saiatzen jarraitu nahi dugu, gazteak antzerki-imaginariora hurbildu nahi ditugu. Horretarako, haien kezkak, gustuak eta aisialdiaz gozatzeko modua jakin nahi ditugu. Ez ditugu konbentzituko haiek nahi ez duten ezertaz, baina entzun egingo diegu, gure lanbidetik belaunaldi horrentzat erakargarriagoak eta hurbilagoak diren obrak edo proiektuak sor ditzagun. Baita haiek sortze-prozesuen parte izatera edota sinestera animatzera ere. Elkarrekiko berrelikadura bat da, komunikazioari eta arte eszenikoen etorkizunari mesede egiten diena”.

Unibertsitateko hitzordu horren ondoren, jaialdiak ohiko formatuan jarraituko du, maiatzaren 12an, 13an eta 14an, Baratza aretoan. Orotara bost ikuskizun eskainiko dira eta Artxibo biluzia dokumentazio tailerra egingo da Metrokoadroka Laborategiaren eskutik.

Sarrerak salgai daude jada. Arabako Campuseko jarduerak doakoak izango dira, baina erreserba egin beharko da. Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako gainerako sarrerak ere eskuragarri daude www.salabaratza.com webgunean.

Zabaldu: