(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa maiatzaren 5ean jokatuko da, Iruñean

14 eta 18 urte bitarteko zazpi bertsolari gaztek hartuko dute parte maiatzaren 5ean Iruñean jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 37. edizioan. Laban izango da saioa 18:30etik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Garikoitz Agirre Soto (Zugarramurdi), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Loitzate Goñi Elortza (Bera) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea) izago dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 37.edizioan parte hartuko duten zazpi bertsolariak. Maialen Belarrak, bere aldetik, saioa aurkeztuko du, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño, berriz, saioko epaileak izango dira.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, txapelketak bi fase izango ditu: Lehenengoan bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: lau oinak emanda bertso bana osatu; bukaera emanda bertso bana osatu; hitza gaitzat hartua bertso bana osatu; eta gai orokorra emanda, gehienez bost puntuko bertso bana osatu.

Hortik, bi bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana: zortziko txikian, ofizioka, bina bertso; ganbarako lana puntu bati erantzunez bertso bat eta  haia emanda beste bertso bat.

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:30ean hasiko da Iruñeko Laban eta sarrera doakoa izango da.

Zabaldu: