(argazkia: Berako Udala)

Euskararen erabileran eta transmisioan eragiten duten egitasmoak ezagutzeko aukera eskainiko du Bidasoko proiektu azokak, maiatzaren 6an

Euskararen sustapenean lanean ari direnentzat “inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri” izan nahi du Berako azoka honek.

Maiatzaren 6an euskararen erabileran eta transmisioan eragiten duten egitasmoak antolatzaileen ahotik ezagutzeko aukera egongo da Beran.

Euskaltzaleen topaguneak iragarri duenez, “Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 15 proiektuk beteko dute azoka gunea. Eremu ezberdinetako proiektuak izango dira Beran ezagutu ahal izango direnak, baina guztiek gauza bera dute komunean: euskara dute lehentasun eta emaitza edota eragin positiboa izaten ari dira beraien eragin eremuan”.

Azokan bilduko diren egitasmoak errealitate eta hutsune edota behar zehatzei erantzuteko sortu dira, baina aldi berean, esportagarriak eta moldagarriak izateko bokazioa dutela diote azokako arduradunek. “Bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko balioko du azokak: inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango delakoan gaude”.

Proiektuak ezagutzearekin batera, azokak bestelako helburu nagusi bat ere badu: “Proiektuen berri izateaz gain, euskararen sustapenean lan egiten duten Euskal Herriko eragileek elkar ezagutu, elkarrengana hurbildu eta elkar indartzeko gune bat izatea nahi dugu”, azpimarratu dute.

Berako azokan, besteak beste, honako eremuak lantzen dituzten proiektuak izango dira aukeran: nazioarteko hizkuntza gutxituen gazte aktibisten saretzea eta Bortzirietako eskualdetze esperientzia; herrigintza euskaratik ahalbideratzen duten proiektuak; eremu digitalera begirako egitasmo ezberdinak eta aisialdiarekin zein hezkuntzarekin lotutako tresna eta baliabide berritzaileak eskaintzen dituztenak.

Azoka irekia izango da, eta aurkezpen dinamikoekin eta musikarekin girotua egongo da. Jan-edanerako aukera eta haurrentzako txokoa ere izango dira bertan. “Giro atseginean, elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabea izango da”, gaineratu dute. Ekimen hau Pirinioetako Lan Elkarteak diruz lagundutakoa da.

Hauek dira Bidasoko Azokan parte hartuko duten elkarteetako batzuk: Mintzalasai, Kirola Euskara Ahoan, Higa, Bor-Bor, Euskara Maitea, Lazarraga edota Gookapi.

Zabaldu: