Liburu hau saiakera bital bat dela dio idazleak. Datuak daude, erreferentzia teorikoak, erreferentzia literario eta filosofikoak, baina batez ere naturaren eta kulturaren artean egindako bidaia pertsonalaren bizipenak ageri dira Igerabideren lan berrian.
Haur garaiko oroitzapenetatik hasita, azkenaldion hunkitzen duen aktualitate gordineraino doan autobiografia sentimental bat ondu du Juan Kruz Igerabidek. Gaur aurkeztu du liburua Donostian, Ura saltoka Natura eta Kultura jolasean izenburupean eta Alberdania argitaletxeko kideek diotenez, “nolabaiteko kontakizun generazional bat da, nolabaiteko historia naturala”.
Egileak aitortu duenez, “ez nuen liburu hau egingo, pixka bat zirikatu ez banindute. Natura nire bizitzaren parte nola izan den adierazteak oso bizikizun pertsonaletara eraman nau. Bakoitzak naturarekiko harreman berezi bat bizi du modu intimoan. Hori txikitandik ikusi dut herri txiki bateko jendearengan, izan baserritar, izan kaletar. Idazten hasi ahala, zuhaitz bat agertu da nire baitan gordea zegoena; ez nekien hainbeste fruitu, lore eta zauri zituenik, begira jarri natzaion arte”.
Liburu hau saiakera bital bat dela dio Igerabidek. “Badaude datuak, badaude erreferentzia teorikoak, erreferentzia literario eta filosofikoak, baina batez ere naturaren eta kulturaren artean egindako bidaia pertsonalaren bizipenak ageri dira”, dio. Erreferentziak, datuak, teoriak, ispilu gisa erabili dira, egilearen buruan halako prisma bat sortzeko, ispiluzko prisma bat, ikuspegiak ugaritu nahirik. Baina, oinarrian, bizipenak agintzen du, idazlea lekuko bat da, eta protagonista batzuetan. Haren begiek ispiluetan begiratzen dute, baina betiere naturaren koloreek eta usaimenak gidatuta. Idazlea errekez mintzo da, mendiez, harriez, animaliez, bizitza biologikoaren misterioez, zuhaitzez, batik bat zuhaitzez, eta gizakiez: “gizakiok naturarekin dugun harreman kontraesankorraz, gizakiok depredadore neurrigabeko bihurtzen garenekoaz, gizakiok giza izatea bera ere galzorian jartzera daramagun atakaz”.