Eki Mateorena geratatu da bigarren. Denera sei gazte lehiatu dira txapelketan.
37. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu da Iruñeko Laban asteburu honetan. Bertan, Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta iruindarra, Eki Mateorena Zozaia leitzarra, Garikoitz Agirre Soto zugarramurdiarra, Kattin Madariaga Apaolaza arantzarra, Loitzate Goñi Elortza beratarra eta Manex Leone Baraibar iruindarra bertsolariek hartu dute parte, Maialen Belarrak, bere aldetik saioa aurkeztu du, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu dira epaile lanetan.
Bertsolariek lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa dira bigarren fasera: Eki Mateorena eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioan aritu dira. Ondoren, ganbarako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Hala, Madariagak eta Mateorenak Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan ordezkatuko dute.
Bertsolari arantzarrak Saioa Alkaiza Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, Oinak buruan saria. Kasu honetan, Manex Leonek irabazi du sari hori. Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman dio garaikurra.